Museoen gauean murgilduko dira bihar, Euskal Herria Museoan
Aurten, bere tematika berreskuratuko du: gastronomia. Hala ere, jateko zehatz bat landu beharrean, azokak eta merkatuak lantzea erabaki dute oraingoan.
Museoen Nazioarteko Eguna baliatuta, Museoen Gaua ospatzeko ekitaldi bereziak antolatu ditu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak biharko. 16:30ean hasita, 23:00ak arte hainbat jarduera izango dira herritarren eskura.
Aurten, bere tematika berreskuratuko du: gastronomia. Hala ere, jateko zehatz bat landu beharrean, azokak lantzea erabaki dute oraingoan, haien jatorria eta bilakaera aztergai jarrita. Hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera izateaz gain, bertoko produktuen dastaketa egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
16:30ean talo tailerrean murgilduko dira museoan, eta ordubete beranduago, Alegria Jauregiaren historia eta leinua ezagutzeko bisita gidatua eskainiko dute, euskaraz.
19:00etatik aurrera, euskal lurraldeetan azokek eta merkatuek izan duten ibilbide historikoaz azalpenak eskainiko ditu Imanol Vitores Euskal Herriko Unibertsitateko historialariak. Eta horietan eskaintzen diren produktuak dastatzeko aukera izango dute entzuleek gero, Aitor Aurrekoetxearen taloa eta bertoko produktuekin Gernikatik Baserrirak prestatutako pintxoen dastaketa egingo baitute museoan.
Hitzaldira eta dastaketara joateko leku kopurua mugatuta egongo da, eta ekintza bakoitzerako izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako, 64 625 54 51 telefono zenbakira deitzeko edota euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbide elektronikora idazteko eskatu dute arduradunek.
Ekintza guzti horiez gain, museoara doan sartzeko aukera egongo da zapatuan, 23:00ak bitartean.