Presoen zigor batuketak aldarrikatzeko karabana
Euskal presoen etxeratzea eskatzeko eta euskal presoek estatu ezberdinetan betetako zigorrak batu daitezen aldarrikatzeko kotxe karabana deitu du biharko Gernikako Sarek; 19:00etan Gernika-Lumoko Santa Ana aparkalekuan jarri dute batzeko hitzordua.
Euskal presoek estatu ezberdinetan betetako zigorrak batu daitezen aldarrikatzeko eta euskal presoen etxeratzea eskatzeko kotxe karabana deitu du biharko Gernikako Sarek; 19:00etan Gernika-Lumoko Santa Ana aparkalekuan jarri dute batzeko hitzordua, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Izan ere, Jabi Abaunza preso gernikarrak maiatzaren hasieran 20 urte bete zituen gatibu, eta dispertsio politikaren ondorioz, hainbat espetxetatik igaro da, bai estatu frantziarrean, bai estatu espainiarrean: Fleury, La Sante, Soto del Real, Valdemoro, Puerto III, Algeciras, Moulins eta Lannemezan; gaur egun, Lannemezanen dago, Gernikatik 317 kilometrora. Testuinguru horretan, estatu ezberdinetan betetako espetxe zigorra batzea eskatzen du Sarek, gaur gaurkoz, Espainiak ez duelako hori betetzen.
Zigor batuketa ez errespetatzeak Abaunzaren zigorra “urte luzez luzatzea” dakar. Izan ere, preso gernikarrak Frantziako zigorra betetzen duenean, Espainiara lekualdatuko dute, eta Espainiako epaitegiek ezarritako beste zigorra zerotik bete beharko du: “Frantziako zigorraz gain, Espainian ere epaitua eta zigortua izan da, eta Frantziakoa betetzen duenean, Espainiakoa bete beharko du”. Abaunzak 20 urte daramatza preso, eta, ondorioz, beste 40 urtez gatibu egon beharko du. “Jabiren kasuan, badaki Espainiara lekualdatzen dutenean zerotik hasiko dela zigorra betetzen eta beste 40 urtez espetxeratuta egon beharko duela. Zigor batuketa ez errespetatzeak bizitza osorako zigorra dakar”.
Jokabide desberdina.
Gernika-Lumoko Sarek azaldu duenez, zigor batuketen legea “Europak errespetatzen duen legea da, baina Espainiak betetzen ez duena”.
Sarek gogoratu du 2008an Europak lege berri bat egin zuela, Europar komunitateko estatu ezberdinetako sententziek eragin berbera izan behar dutela zehazten duena. “Legea 2008koa izan arren, Espainiak ez zuen 2014ra arte bere ordenamenduan sartu. Urte horretako azaroan, europar lege hori barne ordenamenduan sartzeko asmoz,Espainiak lege berri bat egin zuen, europar legearen zentzua aldatuz eta beste estatuetako zigorren batuketaren aplikazioa oztopatuz. Hala, Frantziako zigorra bete ostean, 30 urteko gehieneko zigor hori 0tik abiatzen da Espainian, eta, horrek, 30 urtetik gorako espetxe zigorrak betetzea suposatzen du, Europako legea urratuz”.
Hori dela eta, zigor batuketen nondik norakoak azaldu eta gizarteratu gura ditu Sarek, eta horretarako hitzaldi bat antolatu zuen joan den eguaztenean. Iñaki Zugadi euskal presoen abokatuak hitzaldia eskaini zuen udalerrian, zigor batuketei dagozkien elementu juridikoak azaltzeko asmoz.
Kotxe karabana, berriz, konponbidea eskatzeko beste modu bat da, estatu ezberdinetan presoek betetako zigorra batu dezaten eskatzen duen aldarria kaleratzeko tresna eta Abaunza, Eneko Goieaskoetxea eta Kepa Arronategi etxeratzeko deiari bultzada emateko ekimena.