Tabernetan ematen diren eraso sexistei erantzuteko protokoloa zehaztu dute Gernikako ostalariek eta sare feministak
Erasotua babestu eta erasotzailea tabernetatik kanporatzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute ostalariek.
Azken urteetan jai giroan emakumeek bizi dituzten eraso sexistak ugaritu egin dira, eta egoera horrekin kezkatuta, Gernikako ostalariek eta udalerriko Sare Feministak prozesu bat jarri dute martxan, tabernetan ematen diren eraso sexisten aurrean erantzuteko protokoloa zehaztuz.
Jaietarako eraso sexisten protokoloa eginda dute, baina hori zabaldu gura izan dute egunerokotasunera. Izan ere, azken urtean eraso sexistak jasan dituzten emakumeen hainbat salaketak egon dira herrian.
Hori dela eta, feministek eta ostalariek hiru batzar egin dituzte eraso horiek identifikatu eta horien aurrean hartu daitezkeen neurri konkretuetaz berba egiteko, eta hainbat ondorio atera dituzte, protokoloa zehaztera eraman dituztenak.
Izan ere, erasoak era askotakoak izan daitezke –ukituak, piropoak, intimidazioak, baboseoak eta abar– eta horiek gauez zein egunez ematen dira. Erasotutako emakumeari laguntza eskaintzea da sare feministakoen eta ostalarien lehentasuna, eta erantzuna erasoa jasan duen emakumearen beharretara egokitutako protokoloa definitu dute.
Horren arabera, erasotua babestu eta erasotzailea tabernetatik kanporatzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute ostalariek, baita taberna bakoitzak barra barrutik zein kanpotik eraso sexistei erantzuteko konplizitateak garatzeko lan egiteko konpromisoa hartu ere.
Gernikako Tabernarien Sarea.
Ekimen hau aurrera ateratzeko tabernen arteko elkarlana “beharrezkoa” dela azpimarratu dute ostalariek, eta, horretarako, Gernikako Tabernarien Sarea sortu dute.
Gaur gaurkoz, gauez zabalik egoten diren tabernekin zehaztu dute protokoloa sare feministako kideek, baina abiapuntua dela diote, eta herriko beste ostalari guztiei protokoloagaz bat egiteko deia egin diete. Horretarako, hurrengo helbide elektronikora idazteko eskatu dute: sarefeministagernika@gmail.com.
Protokolo berriagaz, eraso sexisten salaketa herriratuko dute, eta Gernikako Sare Feministak erasoen aurreko protokoloa akibatuko du eraso baten berri daukanean.