Senatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio "beste urrats bat" emateko Gernikako bonbardaketaren erantzukizuna aitortzerakoan
EAJk eskatuta senatuan adostutako mozioak Gernikari eragindako sufrimendua gogorarazteko ekintza propio bat egitea ere exijitzen dio Gobernuari, kalte ordainean eta erreparazioan laguntzeko.
EAJk eskatuta, Senatuak Gernikako bonbardaketa gaitzesten duen mozioa onartu du gaur, eta mozioak esaten duenari kasu eginda, Senatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio “beste urrats bat” emateko Gernikako bonbardaketaren erantzukizuna aitortzerakoan. Izan ere, mozioaren bi puntuetako lehenak, Gobernuari eskatzen dio onar dezala matxinatutako armadak eta ondorengo Gobernu frankistak 1937ko apirilaren 26an biztanleria zibilaren aurkako aire eraso guztien sinbolo den Gernikako bonbardaketak eragindako eraso, kalte eta sufimenduan izandako erantzukizuna.
Bigarren puntua onartuta, Espainiako Senatuak gaitzetsi egiten du matxinatu frankistek eta haien aliatuek Gernika bonbardatu izana, “herritarren, Espainiako II. Errepublikako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren kontra”.Horrez gainera, Gobernuari eskatzen dio memoria demokratikoko ekintzen esparruan, bizikidetzaren eta askatasunaren alde, Gernikari eta bertako biztanleei eragindako sufrimendua gogorarazteko ekintza propio bat egitea, “erreparazioari laguntzeko”.
Mozioa EAJ, EH Bildu, PSOE, Kataluniako eta ezkerreko alderdien (ErC, Junts Per Cat, Coalicion Canaria, Adelante Andalucia, Compromis, Mes Per Mallorca, Geroa Bai, Mas Madrid, Agrupacion Socialista Gomera eta Teruel Existe) aldeko 144 botogaz onartu da; PPk eta Voxek, UPNk eta Ciudadanoseko kide batek kontra bozkatu dute (103 boto) eta PAR eta Ciudadanoseko bi kidek abstentzioa eman dute.
Aldaketak mozioan.
EAJk aurkeztutako hasierako testuan barkamena eskatzeko exijitzen zion Espainiako Gobernuari, baina sozialistekin eztabaidatu eta gero, erdibideko zuzenketa bat afostu dute: barkamena eskatu beharrean, erreparazio ekitaldia egiteko eskatu dute. Izan ere, PSOEkoek diote ez dutela barkamena eskatuko, “eurek ere biktimen oinordekoak direla argudiatuta”.
Mozioa EAJko bozeramaile Estefania Beltran de Herediak defendatu zuen atzo, Ministroen Kontseiluak apirilaren 26an onartutako adierazpen instituzionala positiboki baloratuta, baina keinua ez zela nahikoa esanda. Hala ere, “positiboki” baloratu zuen Espainiako Gobernuaren ordezkaritza batek Gernikako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldian parte hartu izana, baina gehiago behar dela adierazi zuen. Berretsi zuenez, “irmoagoa izan behar zuen erakuntzukizunen aitorpenean eta barkamen eskaintzan”, eta horregatik aurkeztu zuen mozioa.