Joana Gonzalez: "Athleticen fitxa jasotzea amets baten parekoa izan zen niretzat"
Athleticeko kadete mailan jokatzen du Joana Gonzalez bermeotarrak. Gainera, futbola eta ikasketak uztartzen ditu. Akitanian jokatu berri du, Bizkaiko 16 urtez azpikoen selekzioagaz.
Nondik datorkizu futbolarekiko zaletasuna?
Jokalari gehienekin gertatu ohi den bezala, futbola hobby bezala praktikatzen nuen; hasiera-hasieratik gehien erakarri ninduen kirola izan zen, eta, horrenbestez, umetatik jokatu izan dut futbolera. Egun, 15 urte ditut, eta, egia esan, jokatzen hasi nintzenez geroztik, ez naiz sekula nekatu futbolaz, asko ematen didan kirola baita.
Zein da futbolagaz erlazionaturiko zure lehendabiziko oroitzapena?
Gutxi gorabehera, lau urte nituenean hasi nintzen futbolagatik interesatzen. Esate baterako, akorduan dut mutilekin hasi nintzela jokatzen, Bermeon. 11 urtegaz, kadete mailan nenbilela, Athleticek fitxatu ninduen, eta hortxe hasi zen Lezamako abentura hau. Kadete mailako genero banaketa hori arrazoi fisikoengatik egiten dute: adin horretatik aurrera, gizonezkoak eta emakumezkoak fisikoki modu desberdinean garatzen dira, eta horrexegatik banatzen dituzte.
Eta, bat-batean, Bermeotik Lezamara jauzia egin zenuen.
Alde handia dago, hainbat alderditan. Hain zuzen ere, aldea horren esanguratsua denez, lasaitasunez hastea proposatu zidaten: lehenengo sei hilabeteetan, entrenatu besterik ez nuen egin, konpetizioak eta, finean, partiduen beregain duten presio barik. Astean egun pare batez entrenatzen nuen, erritmoa hartu asmoz. Gainera, bien bitartean, Bermeon jokatzen jarraitzen nuen. Ondoren, klubetik jakinarazi zidaten fitxa ofiziala egin gura zidatela, eta ofizialki Athleticen sartu berri nintzela sinistu nuen.
Eta zelan hartu zenuen albiste hura?
Athleticeko fitxa jasotzea amets baten parekoa izan zen niretzat, imajina nezakeen gauzarik ederrena. Seguru asko, beste talderen batera joateko aukera izanda ere, Athleticera joatea erabakiko nuke.
Futbola familiatik al datorkizu?
Berez, bai. Baina esango nuke zaletasuna ez didala zuzen-zuzenean etxeko inork kutsatu, nire afizio pertsonala dela baino. Etxean, izebak futbolera jokatzen zuen eta, horrez gain, nire aita ere areto futbolean ibilitakoa da, zaletasun bezala. Dena dela, nire ahizpak gimnasika errtimikoa egiten zuen, eta, hortaz, ez da, zelanbait, geurean ez da egon bai ala bai futbolean aritu beharraren premisa hori.
Presioa igarri duzu Athleticen?
Ez, justu alderantzizkoa. Adibidez, Bermeon, mutilekin jokatzen nuenez, egoera deserosoagoak bizi izan nituen, zelan edo halan. Bakarrik dutxatu behar izaten nintzen, intimitatea lortzeko, eta bakarrik ere denbora egin behar izaten nuen. Athleticen, ostera, guztiak neskak gara, eta elkarregaz denbora gehiago egoteko edota gauza gehiago egiteko aukera daukagu.
Jokoari dagokionez, ez duzu alderik nabaritzen?
Alde bakarra futbol 7tik futbol 11ra egindako saltoa da. Egia da orain joko erritmo handiagoa dagoela Lezaman, kategorietan gora egin ahala, baina aldaketa horretara ere ohitu egiten da bat.
“Jakitun naiz futbolari bezala bizitzea benetan kontu gaitza dela”
Gogorra al da kirola eta ikasketak uztartzea?
Beharbada, nire egunerokotasuneko konturik gogorrena horixe izango da. Izan ere, astean hiruzpalau egunetan Lezamara joaten naiz, eta egun bakoitzean, gutxienez, bost ordu egiten ditut etxetik kanpo. Gaueko hamarretan etxeratzen naiz, eta, beraz, antolatzea ez da erraza.
Zein da sekretua?
Oso antolatua eta konstantea izatea, zalantza barik. Tarte libreak ahal bezainbeste ekonomizatu behar dira. Aitortu behar dut oraingoz ondo moldatzen naizela, baina benetako erronka hurrengo ikasturtean hasiko dela: batxilergoa hasiko dut, eta, gainera, egunero-egunero entrenatzea tokatuko zait.
Taldeak erraztasunik ematen al dizue?
Bai. Zentzu horretan, ondo portatzen dira. Adibidez, errefortzu eskolak emateko ikasgelak daude Lezaman, irakasle eta guzti. Horrez gain, Athleticetik beti argitu digute ikasketak kontuan izan beharreko lehenengo gauza direla. Lehen egunean azaldu ziguten, antolatuz gero, futbola eta ikasketak aurrera ateratzea posible dela. Eta, ezineko ikusiz gero, futbola alboratzeko eta ikasketetan zentratzeko eskatu ziguten. Horrek erakusten du gure etorkizun profesionala aintzat hartzen dutela.
“Aitona-amonen babesa nabarmendu nahiko nuke, pila bat arduratzen dira nitaz”
Bat zatoz ikuspuntu horregaz?
Guztiz ados nago. Jakitun naiz futbol jokalari bezala bizitzea benetan kontu gaitza dela. Hortaz, etorkizunean futbolaren inguruan bizimodua ateratzeko aukera ezinezko ikusiz gero, kirolagaz loturiko zerbait egitea bilatuko dut, esaterako, entrenatzailea edota kirol irakaslea.
Baina bidean kontu ugari bizitzea suertatuko zaizula dirudi; lehenengoa, atzo bertan.
Espero dut baietz. Atzo, Bizkaiko16 urtekoen azpiko selekzioagaz jokatu nuen, Akitaniaren kontra. Partidu gogorra izan zen, ni Lezamako zelai artifizialera ohituta nagoelako, eta hangoa belar naturalekoa baitzen.
Zein postutan jokatzen duzu?
Lehen hegaleko moduan jokatzen nuen, eta orain zentral bezala nabil. Oro har, erraz eta praktikotasunez jokatzea eskatzen didate. Fisikoki sendoa izan beharra dago, aurrelarien erasoak blokeatzeko. Eta, batez ere, beldur barik jokatu behar da.
Hurrekoek asko babesten zaituzte?
Bai. Gurasoek ez dute partidurik galtzen, eta, hurbil jokatzen dugunean, lagunak ere ikusten etortzen dira. Bestalde, Badajozeko aitona-amonen babesa nabarmenduko nuke, pila bat arduratzen baitira nitaz. Bermeon bertan ere, jendeak kaletik gelditu egiten nau, eta nitaz arduratzen direla sentiarazten didate.