Elexalde eta Lekerika lotuko dituen bidegorria egingo du Nabarnizko Udalak
Nabarnizko Udalak 500.200 euroko kreditu aldaketa onartu du inbertsioetarako, eta hainbat proiektu berri bultzatzera bideratuko du dirua. Bidegorriaz gain, Elexaldeko argiteria publikoa hobetzea eta auzoetako bideak konpontzea dira proiektu nagusienak.
Nabarnizko Udalak 500.200 euroko kreditu aldaketa onartu du aurrekontuetan, eta hainbat inbertsio berri bultzatzera bideratuko du diru saila, Elexalde eta Lekerika lotuko dituen bidegorria egitera, esaterako.
763.945,10 euroko udal aurrekontua onartu zuen otsailareko osoko bilkuran, baina udalaren gerakina “handia” denez, horretaz baliatuko da zenbait beharrizanei aurre egiteko eta proiektu berriak bultzatzeko: “Zenbait proiektu berri aurrekontuan sartzeko beharra dago, aurten exekutatzeko dirulaguntza lortu delako. 364,193,43 euroko gerakina zegoen, eta kreditu aldaketa honetan horietatik 250.200 euro erabiltzea aurreikusi dute”. Diru sail horrez gain, sarreren aurrekontuan ere aldaketa egon da, alde batetik hainbat proiektuak bultzatzeko diru laguntza jaso duelako udalak, eta, bestetik, aldundiaren Herriak egiten funts berezia jaso duelako herriak, 100.000 eurokoa.
Kreditu aldaketa honetako diru kopuru nagusietako bat Elexalde eta Lekerika lotuko dituen bidegorria egitera bideratuko dute. 310.000 euro erabiliko ditu, hain zuzen ere, udalak, bi auzoak batuko dituen bide sarea egiteko, eta Elexalde, Merika eta Lekerika lortzen dituen egungo bide asfaltatua egokitzea aurreikusi dute horretarako. “Bide berak oinezkoentzako errei propioa izango du, eta beste errei bat ibilgailu eta bizikletentzako. Bide zorua egokitzeko, beste errodadura geruza bat jarriko da, seinaleztapenekin”, azaldu dute.
Izan ere, Elexalde eta Lekerika artean oinezkoentzako eta bizikletentzako konexio azpiegitura bat sortzea da udalaren helburua, eta Elexalde, Merika eta Lekerika arteko ibilgailuen joan-etorria murriztea.
Gainera, oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegitura horrek udalerriko kultur ondarea ezagutzeko hainbat gune izango ditu. “Geldialdietarako espazioak egokitzea edo hobetzea aurrikusi dugu, interes naturalistikoko eta kulturaleko guneetan, herritarren elkartze soziala sustatzeko eta txango eta turisten interesa pizteko”, argudiatu dute. Horregaz, turismo osasungarria, kulturala eta naturazkoa sustatzea bilatu gura dute, eskualdeko turismo eskaintza osatzeaz gain. “Ondareari balioa emateko ibilbidea izango da. Pertsona gehienentzat irisgarria izango da eta ibilbide labur batean kultur eta natura turismorako baliabide interesgarriak biltzen dituena”, azaldu dute udal ordezkariek.
Hirigune nagusia den Elexalde auzo horiekin lotzeko eta joan-etorri horiek jasangarriak izateko beharrari erantzuten dio proiektuak. “Auzune horietako biztanleak ibilgailuaren menpe ez egotea bultzatu gura dugu eta segurtasunez paseatzeko aukera eskaini gura diegu herritarrei”, diote.
Proiektuagaz aurten hastea eta datorren urtean amaitzea aurreikusi dute udal ordezkariek.
Auzoetako bideak
Inbertsio berri gehiago ere zehaztu ditu Nabarnizko Udalak, tartean auzoetako bideak konpontzeko proiektuarena. 125.000 euro bideratuko dituzte horiek asfaltatzera, eta Ikazurietatik hastea aurreikusi dute. Hain zuzen ere, Ikazurieta auzoko bideak konponduko dituzte lehenengo, eta horiez gain, Gorostiaga, Ordeñabe eta Iturrieta baserrietara doazen bideak ere asfaltatuko dituzte. “Bideak ez daude egoera egokian. 30 urte igaro dira azkenengoz asfaltatu zirenetik, eta lanok egiteko beharra dagoela uste dugu”, azaldu dute arduradunek.
Ikazurietatik hasiko dira, baina apurka-apurka eta faseka, herri guztira zabalduko dute auzoetako bideak asfaltatzeko eta horiek seguruago bihurtzeko proiektua.
Kreditu aldaketagaz, Elexaldeko argiteria publikoa hobetzea ere aurreikusi dute, eta horretarako 58.200 euroko inbertsioa egitea. Izan ere, Elexaldeko argiterian LED teknologia erabiltzea erabaki dute: “Proposamena kontsumoen murrizketa bultzatzeko da, eraginkortasunaren aldeko apustua eginez”. Izan ere, farola berrietan LED teknologia txertatuz, potentzia gutxiagorekin argi maila bera eskaintzea eta behar den tokietan hori hobetzea bilatu gura dute. Gainera, gaur egungo farolen inbentarioa kontuan izanda, egoera bakoitzera ahalik eta hobekien egokitzeko aukerak aztertuko dituzte udal arduradunek.
Energia aurrezteko eta karbono isuriak gutxitzeko helburua daukan proiektu hau aurten garatzeko asmoa dute.