Bermeoko Udalak 325 ke-detektagailu jaso ditu Tecnifuegoren eskutik
Alde Zaharrean eta landa-auzoetan bizi diren 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan kokatuko dituztela azaldu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Bermeoko Udalak zazpigarren Suaren Eguna ospatu du gaur; ospakizuna, Tecnifuego, Suteen aurkako Babes Elkarteen Espainiako Elkarteagaz elkarlanean egin du. Gaurko eguna baliatuta, Tecnifuegok 325 ke-detektagailu eman dizkio udalari.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu duenez, ke-detektagailuak 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan jarriko dituzte; hain zuzen ere, Alde Zaharrean eta landa-auzoetan egoera zaurgarrian aurkitzen diren etxebizitzetan ipiniko dituztela gaineratu du. Gogorarazi duenez, aurrekontuen baitako partehartze prozesuan, bermeotarrek segurtasun proiektuak lehenetsi zituzten, “beraien segurtasunarekin kexkaturik” zeudela adieraziz, eta hortik abiatuta egin dute aurrera ekimenagaz. Alkateak esan du gaurkoak, pausu “garrantzitsua” eman dutela.
Aparatu hauek hainbat etxetan jartzeaz gain, segurtasunarekin lotutako beste ekintza batzuk ere egingo dira etxebizitza horietako pertsonekin. Modu horretan, Gizarte Ongizateko Sailaren bitartez, beharrezko informazioa emango zaie pertsona horiei, suterik izanez gero zelan jokatu jakin dezaten. Mapa txiki bat ere egingo da, etxe bakoitzean ebakuaziorako biderik egokiena zein den markatzeko. Azkenik, udalak inkesta txiki bat egingo du herritar horien artean, haien beharrak zeintzuk diren jakiteko.
Bermeoko alkateagaz batera egon da gaurko prentsaurrekoan Tecnifuegoko presidente Adrian Gomez. Gomezek suari buruzkko hainbat datu “bitxi” eskaini ditu. Esan duenez, iaz 164 hildako izan ziren etxebizitzatako suteen ondorioz: “Heriotza gehienak kea arnasteagatik izaten dira”. Horregaitik, haren iritziz, su-detektagailuak dira suteen prebentziorako elementu “garrantzitsuenetakoak”. Erabilera “erraza” daukaten aparatuak dira, eta sabaian jartzen dira. Kea antzematen duenean, etxean dauden pertsonak esnatzeko zarata “nahikoa altua” egiten duela adierazi du. “Mota honetako keinu txikiekin bizitza asko salbatu daitezke”, aipatu du.
Bermeoko Udalak detektagailuak instalatzeaz gain, mantentze lanak egiteko konpromisoa hartu du, eta hori “funtsezkoa” da suteen aurkako babes-instalazioek funtzionatu dezaten. Hala, suteen aurkako babesaren aurrean erakutsi duen “sentsibilitate bereziarengatik” eta herriko bizilagunen “bizitza seguruagoa” egiten laguntzeagatik eskerrak eman dizkio alkateari.
Akordioa herriaren segurtasunerako “pausu garrantzitsua” izan daitekeela azaldu dute, eta ez dela azkena izango azaldu dute. Tecnifuegoko presidenteak aitortu du, Bermeoko Udalagaz lanean jarraituko dutela.