Adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak defendatzeari aitortza
Gorabidek adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak defendatzeko eta kolektibo horren ahalduntzea lortzeko egiten duen lana aitortu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek.
Gorabide “funtsezko” erakundea da adimen desgaitasuna duten pertsonen eskubideak defendatzeko, eta kolektibo horren ahalduntzea lortzeko. 60 urte bete ditu elkarteak aurten, eta sei hamarkada horietan egindako lana aitortu diote Bizkaiko Batzar Nagusiek. Gorabide osatzen duten familia, erabiltzaile, profesional eta boluntarioak Batzarretxera hurreratu dira gaur, eta merezitako aintzatespena jaso dute.
Itxaso Ormaza Gorabideren erabiltzaileak jasotako harrera eskertu, eta adimen desgaitasuna duten pertsonek laguntza behar dutela azpimarratu du: ”Adimen urritasuna dugunok laguntzak behar ditugu gainerako pertsonen modukoak izateko. 60 urte daramatzagu horretarako lanean, eta etorkizunean ere hala egingo dugu. Bide horretan, adimen desgaitasuna dugun pertsona guztiak eskutik goaz, baita gure familia profesionala, boluntarioak eta erakundeak ere. Elkarregaz lan eginda lortuko dugu gizarte askoz ere hobeagoa eraikitzea”.
Susana Gorbeña Etxebarria Gorabideko presidenteak esan du Gorabide eta Bizkaiaren arteko lortura “sendoa” dela, izan ere, erakundea aitzindaria da lurraldeko adimen desgaitasuna duten familien mugimenduan. 4.900 familia erabiltzailek, 465 profesionalek eta 270 boluntario baino gehiagok osatzen dute Gorabide, eta adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzen eta pertsona horrek guztiz gizarterazen laguntzen saiatzen dira.
Elkartearen helburuen artean, adimen desgaitasuna duten pertsonek egin dezaketen ekarpen guztiari balioa ematea dago, “gizarte hobe, bidezkoago eta solidarioago” baterantz joateko. Etorkizuneko Bizkaia eraikitzeko eta sendotzeko bidean, “beharrezoak eta ezinbestekoak” diren balioak finkatu gura dituzte Gorabidekoek: aniztasuna, enpatia, ekitatea eta gizarteratze osoa. “Adimen urritasuna duten pertsonei gehiago entzun behar diegu, behar dutena esan diezaguten; izan ere, haien helburuak lortuta gizarte gisa hobetuko dugu”.
60. urteurren honetan, balioan jarri gura dute Gorabidek urte guzti hauetan egindako lana. Izan ere, erakundea Bizkaiko 21 udalerritan dago lanean, eta 12 egoitzetako 3.000 leku kudeatzen ditu, baita 11 eguneko zentro, 10 etxebizitza eta asialdirako hamaika ekintza ere; bereziki harro daude Lantegi Batuak-en sorrerarekin, adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzen duelako Bizkaiko 35 udalerritan.
Era berean, urteak daramatzate sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta herritarren prestakuntzan buru-belarri lanean: “Gure kolektiboaren presentzia eta protagonismoa bultzatuz, inklusio-mailak handitzen ditugu, eta, egia esan, zenbat eta gizatiarragoak izan, orduan eta gizarte solidarioagoa izango gara”.
60. urteurrenean elkartearen ibilbidea eta etorkizuna balioetsi gura dituzte, Gorabide 6.0 lelopean. “Ibilbide luzea dugu, baina baita orainaldi esanguratsu bat eta guztion arteko etorkizun zoragarri bat ere”.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusien presidenteak Gorabidek pertsonen eskubideak defendatzeko egindako lana eskertu du: “Irmotasunez eta denpora guztian lan eginda lortu duzue kontzientzia publikoa piztea adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzari eta familia arazoei zein lan arazoei buruz”. Gainera, adierazi du Gorabidek pertsona guztiak onartuak izateko lanean “gizartea kontzientziatzea” lortu duela. Otaduik onartu du asko dagoela egiteko oraindik, baina garrantzitsua dela Gorabideren lana aitortzea esan du: “Egia da gizarteratze osoa lortzeko asko daukagula egiteko, baina erakundeok eta gizarteak aitortu egin behar dugu zuen familia profesionalak eta boluntarioek lan handia egin duzuela pertsona guztien eskubideen defentsan”.
Lan horregaz, “garrantzia handiko aldaketa sozialak” lortu direla azpimarratu du Otaduik, eta lanean jarraitzera animatu ditu, adimen desgaitasuna duten pertsonak guztiz gizarteratzeko: “Zuen eguneroko lanagaz garrantzia handiko aldaketa sozialak egin dituzue, eta zorionak”.