Txirrindulariak mugara eroan ditu 24. San Isidro Sari Nagusiak
Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko Enekoitz Azparrenek irabazi du Natxituko 24. San Isidro Sari Nagusia. Azparren, gainera, Euskadiko txapeldun izendatu da. Lasterketa gogorra izan da, eta ibilbidearen amaierako Bedarona nahiz Angelutxu mendateak izan dira probako epaileak.
Domekan 24. San Isidro Sari Nagusia lehiatuko zuten Natxitun. Eliteen eta 23 urtez azpikoen mailako proba izan zen, eta, gainera, aurtengoa lasterketa benetan berezia izan zen: Euskadiko Txapelketa hartu zuen Natxituk. S.C. Gernikesa klubak eta Natxituko Jai Batzordeak Eako Udalaren laguntzagaz antolatuta, 10:00etan emango zaio hasiera, eta ziklistek 119 kilometroko ibilbidea egin beharko zuten, Natxituako herrigunean hasi eta bukatuta.
Ibilbidea aldapaz, jaitsieraz, bihurgunez eta, oro har, gorabeheraz bustita egon zen hasieratik amaierara, horrek beregain ekarri ohi duen gogortasunagaz. Txirrindulariek, hain zuzen ere, gogortasun hori hastapenetik igarri zuten. Izan ere, erritmo handiak eta aldapa koskorrek ez duten ahalbidetu eguneko ihesaldia egiterik eta, hortaz, erasoaldiak egun osoan errepikatu ziren. Muruetaganetik Gautegiz-Arteagara jaitsi ondoren, hondartzetarako bidea hartzeagaz batera zenbaitek aurrea hartu zioten talde handiari, baina ihesaldi txiki horietako batek ere ez duen hogei segundutik gorako aldea hartzea lortu.
Jarraian, Ea, Ispaster eta Ereño barnebiltzen zituen zirkuituari hiru itzuli eman zizkioten ziklistek, eta eremu horretan apurtu zen, hain zuzen, tropel nagusia: 40 lasterkari ingurura murriztu zen kopurua. Irteeran gehienek aurreratu bezalaxe, eguneko azken bi mendateetan erabaki zen lasterketa: Bedaronan nahiz Angelutxun. Bedaronan gora, Rias Baixas taldeko txirrindulari batek erasoaldiak hauspotu zituen, lehen mugimendu bategaz. Ostean, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko Enekoitz Azparrenek metro batzuk hartu zituen, eta Angelutxu magaleraino mantendu zituen.
Azken igoeran, Azparrenen atzetik zihoan taldetxoak ia-ia lasterketa burura ailegatzea lortu zuen, baina Azparrenek alde txikia mantendu, eta 24. San Isidro Sari Nagusia poltsikoratu zuen. Bigarren postuan, Electro Alavesa Zuia Bsafe taldeko Oier Aldama sailkatu zen. Podiuma Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa etxeko beste txirrindulari batek osatu zuen, Iker Mintegik. Ostean sailkatu ziren Telcom taldeko Mikel Mujika eta Baqueko Alex Diaz.
Busturialdeko zenbait txirrindularik parte hartu zuten domekako zitan. Baque taldeko Unai Zoilo sukarrietarrak azken igoeretara arte tropel murriztuan eutsi zuen. Eiser-Hirumeteko Asier Urionabarrenetxea bermeotarra ere gogor saiatu zen egun osoan zehar. Lander Lartitegi busturiarra eta Xabier Aransolo gernikarra, ostera, lesio sasoitik bueltan daude, eta berreskurapen prozesuan bete-betean daude, ondorioz. Joanes Goitisolo duatletak ere independente bezala parte hartu zuen Natxituko proban, duatloietarako entrenamendu bezala. Gernikarrak 100 kilometro inguruko entrenamendu saioa egin zuen lasterketan, eta, ondoren, bizikletatik jaistea erabaki zuen, behin beharrezko lanak amaituta.