Ohorezko Mailari eutsi diezaiokeen auzia
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak alineazio bidegabea salatu du, eta adierazi du Gavin van den Berg jokalariak ezin zuela bere talde Alcobendasegaz jokatu. Madrilgo taldeari puntu denak kenduz gero, Gernika RTk lehen mailari eutsi ahalko lekioke.
Haserrea begibistakoa da Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldearen barruan. Aurtengo Ohorezko lehen Mailan azken amaituta, bigarren mailara jaitsi diren ustean egon dira oraintsura arte. Baina, bat-batean, Gavin van den Berg Alcobendaseko jokalari hegoafrikarraren kasuak eztanda egin du, eta Gernika-Lumoko taldeari lehen mailari eusteko azken aukera agertu zaio.
Eduardo Maidagan entrenatzaileak gertatutako guztia argitu du. Berak adierazitakoaren arabera, Espainiako Ohorezko Mailan jokatzeko, gutxienez, formazioko sei jokalari izan behar dituzte taldeek. Formazioko jokalaria izateak, era berean, zenbait baldintza dakartza beregain: aurrekari espainiarrak izatea; 36 hilabetez, gutxienez, Espainian bizitzea; eta 60 egun baino gehiago atzerrian ez egitea. Bada, dirudienez, Van den Bergek egun muga hori gainditu egin zuen, eta hortxe hasi zen salaketaren muina.
Errumania eta Portugaleko federazioak izan dira kargutzen lehenengoak, Van den Berg Espainiako selekzioagaz jokatzen zegoenean; ikertzen hasi, eta jokalariaren dokumentazioa faltsututa zegoela ezagutu zuten. Ondorioz, Espainiako selekzioari partiduetako puntuak kendu zitzaizkion, eta horrek Munduko Txapelketatik kanpo utzi zuen. Orain, prozedura berbera egin gura du Gernika RTk, Maidaganek dioenez: “Jokalari hori, dirudienez, egoera irregularrean eta legez kanpo jokatzen egon da zenbait partidutan, eta horietako puntuak kentzeko eskatu dugu. Horrenbestez, guk salaketa jarri genuen, baina, herenegun, Espainiako Federazioak errekurtso hori ez duela onartzen komunikatu zigun”.
Dena dela, beste aukera bat izango dute bigarren errekurtso bat aurkezteko. Maidaganen uste, “Espainiako Federazioa edo Alconbendas taldea, bietako bat, iruzurretan dabil”. Izan ere, taldeak eta federazioa izan ohi dira taldeen dokumentazioaren arduradunak. Bien bitartean, denbora kontra du Gernika RTk. Maidaganen arabera, “uda osoa” eroango du auziak, eta horrek hurrengo denboraldiaren ingurukoak atzeratzea baino ez du ekarriko. Argitu duenez, taldea lehen edo bigarren mailan egoteak “izugarri” baldintzatuko du Gernika RTren egoera: “Atzerriko jokalari batek birritan pentsatzen du lehen edo bigarren mailako talde batera joatean, eta taldearen aukerak nahiz baldintzak ere, oso bestelakoak dira”.
Ildo horretan, abuztu amaieran hasiko du Maidaganen taldeak aurredenboraldia. Ez daki zein izango den lantaldea eta, batez ere, zein mailatakoak izango diren aurkariak. Aurtengo denboraldi “txarra eta gogorra” ahazteko gogoz eta, “gu bezalako talde txikientzako justizia egingo bada”, Ohorezko lehen Mailan jokatzeko asmoz ageri da Gernika-Lumoko entrenatzailea.