Jokin Ansotegik irabazi du eskolarteko txapelketako lehenengo kanporaketa, eta finalerako txartela lortu du
Atzo jokatu zen Eskolarteko txapelketaren lehenengo kanporaketa Astran; guztira zazpi gazte oholtzaratu ziren Gernika-Lumoko saioan, eta Ansotegik lortu zuen finalerako txartela.
Martxan dago Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketa. Atzo jokatu zen lehenengo kanporaketa Gernika-Lumoko Astran, eta zazpi gaztek parte hartu zuten bertan. Denen artean onena izan zen Jokin Ansotegi, eta maiatzaren 28an Larrabetzun jokatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen.
Ansotegiz gain, Abodi Del Val, Anitz Arronategi, Enetz Martitegi, Garazi Undabarrena, Intza Basabe eta Markel Uriagereka oholtzaratu ziren.
Gai emaile lanetan Ander Elortegi aritu da, eta epaileak Ainhoa Arregi, Beñat Romero eta Iñaki Aurrekoetxea izan ziren. Idazkari lanetan, berriz, Idoia Anzorandia izan da.
Lehenengo kanporaketa saioaz gain, beste bi lehiatuko dituzte Bizkaiko bertsolari gazteek, hurrengoa maiatzaren 16an, 17:00etan hasita, Bilboko Euskararen Etxean. Azken saioa maiatzaren 18an izango da, Durangoko Kurutziaga Ikastolan 17:00etan, eta erabakita geratuko dira Ansotegigaz batera nortzuk ariko diren finalean.
Izan ere, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera, eta gainontzeko bost bertsolariak puntuazioaren arabera. Fianala Larrabetzuko eskolan lehiatuko da, egun osorako prestatu duten Bertsolaritza Egunaren baitan.
Bertsolaritza Eguna.
Bizkaiko Bertsolaritzaren jaia antolatu du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko bertsolaritzaren ekosistema osoa –eskualdez eskualde eta eteneik barik– elikatzeko eta bertsogintzaren oinarria motibatzeko, finkatzeko eta garatzeko helburuz.
Bertso eskolen eta bertsozaleen jaia izango da, eta, horretarako, egitarau zabala antolatu dute. Goizean eskolarteko finalak izango dira, lehenengo idatzizkoa eta ostean, bat-batekoa. Idatzizkoan Bizkaia osoko 150 gazte inguruk lehiatuko dute, 10:00etan hasita, Larrabetzuko eskolan.
Eskolarteko txapelketez aparte, Bizkaiko Taldekakoaren hiru finalaurrekoak eta finala ere han jokatuko dira; Busturialdeko Beethovenen belarriak eta Ez dakit ba! taldeak ariko dira finalaurrekoetan. 16:00etan izango da lehenengo kanporaketa, eskolan; 17:30ean, bigarrena, kalean; eta 19:00etan ere kalean jokatuko da azkena. Finala, 22:00etan hasiko da Hori Bai gaztetxean.
Eguerdian, bazkari herrikoian elkartuko dira, eta bertaratu gura dutenek maiatzaren 19a aurretik tiketak erosi beharko dituzte www.bertsosarrera.eus atarian; aukera begetarianoak gura izanez gero, bizkaia@bertsozale.eus helbide elektronikora idazteko eskatu dute.