Gernika-Lumoko jaietarako kartel lehiaketa martxan dago
Edozeinek parte har dezake eta lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izango dela jakinarazi dute, 14:00ak aurretik. Artista bakoitzak egokitzat jotzen dituen lan guztiak aurkeztu ahal izango ditu.
Bi urtez Gernika-Lumoko jaiak ospatu barik egon eta gero, herriko Jai Batzordea Andra Mari eta San Roke jaiak antolatzen hasi da, eta herriko jaietako kartel lehiaketa deitu du. Edozeinek parte har dezake eta lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 10a izango dela jakinarazi dute, 14:00ak aurretik.
Gernika-Lumoko Kultur Etxean batuko dituzte proposamenak, astelehenetik barikura, 09:00etatik 20:00etara. Lanak postaz ere bidali ahal izango dira hurrengo helbidera: Gernika-Lumoko Kultur Etxea, Foru plaza 2, 48.300 Gernika-Lumo.
Nahi duten sortzaile guztiek parte hartu ahal izango dute lehiketan, eta artista bakoitzak egokitzat jotzen dituen lan guztiak aurkeztu ahal izango ditu. Ezinbestekoa da lan horiek originalak eta argitaratu gabekoak izatea.
Kartelen diseinuan egileek nahaiago duten teknika eta kolorea erabil ditzakete, hala ere, neurri zehatz bat izan beharko dute: 65×45 zentimetro. Bertikalean aurkeztu beharko dira, eta hiru formatu digitaletan (diseinuan erabilitako jatorrizko formatua duen jpg-a, mega 1eko jpg-a eta bereizmen handiko pdf-a). Gainera, lan guztiek izenburu bera eduki behar dute, derrigorrez agertu beharrekoa: Gernikako Jaiak. Abuztuak 14-18.
Epaimahaiaren erabakia ekainaren 30ean argitaratuko da, eta irabazleak 500 euroko saria jasoko du. Gainera, aurkeztutako lan guztien erakusketa egingo da, betiere aipatutako baldintzak betetzen badituzte, kultur etxeko erakusketa aretoan, 15etik 27ra bitartean.