Mendiaren sinbiosi egun arrakastatsua
Antolatzaileek Gernika-Lumoko Mendi Jaiaren balorazio oso baikorra egin dute. Emakumezkoen eta umeen parte hartzeak gora egin du aurten, eta 1.000 pertsonako langara heldu dira, Urdaibai Kopako bigarren proba hartzeaz gain.
Atzo mendiaren eta mendizaleen jaia izan zen Gernika-Lumokon. Izan ere, Arrolape Mendi Klubak antolaturik, Mendi Jaia egin zuten. Oro har, egunaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek. Pasealekuan egondako “familia eta lagunarteko giro paregabea” izan dute ahotan, lehenik eta behin: “Puzgarrien eremua lepo egon zen, hainbat bikote edota talde hurreratu ziren, irteera eta helmuga eremua ikuslez bete zen… horrek guztiorrek pozez betetzen gaitu, urrats bat egin baitugu aurrera”. Mendi Jaiaren antolakuntzari, gainera, eguraldi paregabeak lagun egin zion, eta horrek parte hartzea hauspotu zuen.
Hain zuzen ere, antolakuntzak 1.000 izen emateko kopurua aurreikusi zuen duela zenbait hilabete, baina “partaidetza txukun bategaz” konformatuko zirela argitu dute; bada, parte hartzea benetan borobila izan zen. Pertsona bakoitzeko, euro bat eman zitzaion Arnasa elkarteari. 1.000 euroko diru laguntza hori podium eremuan gorpuztu zuten, eta, Arrolapekoen ustez, “momentu hunkigarria” izan zen: “Sari emateetan, sarri, giroa difuminatu egiten da, baina atzo jendeak Pasealekuan geratu zen, eta hunkiduraz bizi izan zuen laguntza horren gorpuztea”. Martxa luzeak erakarri zituen parte hartzailerik gehienak: 300 inguru. Mendi bizikleta martxak 121 izan zituen, martxa txikiak 107 eta lasterketak, aldiz, 157. Aipagarria da, antolatzaileen arabera, genero arteko berdintasunaren bidean “aurrerapauso ederra” egin dela: 157 izen ematetik, 29 bat emakumeak izan ziren, azken egitarauetan baino gehiago.
Horregaz batera, jasangarritasuna eta umeen esku hartzea lortzeko jomugak ere bete dituzte: “Gazteak xerpekin oso asebeteta geratu ziren, eta gidariek eurek ere balantze oso ona egin dute esperientzia horren inguruan; edalontzi jasangarriei dagokienez, neurri arrakastatsua izan da, baina datorren urtean are gehiago hobetuko dugu, ingurugiroa jagon eta errespetatu guran”. Martxalari askok zatiren bat korrika egin zutela adierazi dute Arrolapetik, eta horrek lasterketaren eta martxaren arteko “sintonia ona” erakusten duela azaldu dute: “Harreman bikain hori kontuan izanda, martxalariei lasterketan parte hartzeko deialdia luzatu gura diegu, ez baita beste munduko ezer, eta norberak markatzen baitu erritmoa. Urdaibai Kopako probetan edonork parte hartu dezake, korrika egitea eta mendia gustuko badu, bere maila gorabehera”. Oro har, Mendi Jaia “natura eta kirola atsegin duten guztien jaia da, hau da, mendiaren sinbiosi eguna“, adierazi dute. Ondorioz, mendian “guzti-guztiek” lekua dutela argitu dute: “Izan martxalaria, korrikalaria edo, beste barik, natur zalea, denentzako ospakizun eguna da Mendi Jaia”.
Lasterketari dagokionez, Oihane Perez eta Julen Aranguena gailendu ziren senior mailan, 1:43:26ko eta 1:20:10eko denboragaz, hurrenez hurren. Biak ala biak sasoi oso onean iritsi ziren domekako zitara: Perezek Euskal Selekzioagaz konpetitu du Galizian; Aranguenak, ostera, Urdaibai Kopako lehen proba irabazi zuen, Ibarrurin. Gazteen kategorian, Ander Villanueva eta Eneida Saldias gailendu ziren. Beteranorik azkarrenak, berriz, Amagoia Salazar eta Javi Lozano izan ziren. Gernikarrik aurreratuenak Oihane Perez bera eta Aritz Martin izan ziren, Pasealekuko helmugan.
Hurrengo urteari begira, aurtengo mailari eustea eta aurtengo egitarauan abiaturiko aldaketak modu sendoagoan zuztartzea dute helburu. “Pozarren sentitzen gara lortutako guztiaz; hilabete ugariko estresa nahiz lana izan arren, hurrengo urtean gure umiltasunetik errepikatzeko gogotsu gaude jada, eta ez dugu alboratzen urrats bat aurrera ematea eta berrikuntza gehiago egitea”. Ildo horretan, Arrolapekoek bolondresen ekarpenak goraipatzen dituzte: “Egunean zehar, asko eta asko izan ziren antolakuntza, ibilbideen seinaleak, anoa postuak, Pasealekuko giroa, dutxak eta abar oso ondo prestatuak zeudela esan zigutenak, eta hori lanean ibilitako boluntarioei esker lortu dugula argitu gura dugu”. Bien bitartean, mendiak isilean jarraituko du, hurrengo urteko jaia iritsi arte.