Herriko egun berezietan, pilota partiduak
Lehenengo Bermeo Hiria Inpesca-Atunlo Pilota Festibala aurkeztu dute Bermeoko Artza pilotalekuan.
Lehenengo Bermeo Hiria Inpesca-Atunlo Pilota Festibala egingo dute, maiatza eta iraila bitartean, Bermeon. Egungo pilotaririk entzutetsuenak izango dira hiru norgehiagokaz osatuta egongo den txapelketa horretan. Bermeoko Udalak, Artza Pilota Elkarteak eta Inpesca-Atunlok elkarlanean antolatu dute lehiaketa hori, eta hiru entitateetako ordezkariek aurkeztu dute, gaur, Artza udal pilotalekuan, pilota jaialdia.
Aritz Abaroa Bermeo alkatea “ilusioz gainezka” agertu da lehen egitaraua aurkezterakoan: “Pandemiako bi urteko geldialdiaren ondoren, bermeotarrek ekintza desberdinez gozatzeko aukera izatea bilatzen jarraitzen dugu”. Elkarte arteko kolaborazioa ere ahotan izan du Abaroak: “Herriko eragileen arteko elkarlana argi eta garbi erakusten du”. Bermeoko herritarrentzat “oso esanguratsuak” diren hiru egunetan jokatuko dituzten partiduak. Lehenengoa, Arrain Azokako barikuan izango da, maiatzaren 20an; bigarrena, aldiz, Madalen Egunaren bezperan, hau da, uztailaren 21ean; final handiari dagokionez, Andra Mari eta Santa Eufemia jaien barruan jokatuko dute, irailaren 16an.
Abaroa: “Pilota jaialdiak herriko eragileen arteko elkarlana argi eta garbi erakusten du”
Maiatzaren 20ko partiduan, 22:00etan hasita, Irribarria eta Martija Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurka ariko dira. Uztailaren 21eko bigarren finalaurrekoan, 19:00etatik aurrera, Urrutikoetxea eta Albisu Laso eta Imazen kontra neurtuko dira. Bi partidu horietako bikote irabazleek lortuko dute finalerako txartela. Azken partidu hori, esan bezala, irailaren 16an izango da, eta 18:00etan jarriko dute pilota jokoan. Sarrera fisikoak salgai daude jada, Artza udal frontoiko takillan, 25 eta 30 euro arteko prezioan. Internet bidez erosteko aukera ere badago.
Pilotak Bermeon daukan zaletasunak “bete-betean” bat egiten dute udal gobernuaren helburu estrategikoen bilaketagaz, Abaroaren arabera: “Bermeoko Udalak lekuko kirolak balioan jartzearen aldeko apustua egiten du, batez ere, tankera horretako ekimenek uda sasoian izan ohi duten jarraipena kontuan izanda; gainera, lehen mailako pilotariak etorriko dira herrira, eta seguru maila handiko ikuskizuna erakutsiko dutela”. Inpesca-Atunlo ordezkari Ana Arrienek adierazi du “lan gogorra” egin dutela, kirola eta tradizioa uztartzeko asmotan: “Inpesca-Atunlorentzat oso garrantzitsua da esparru horiek jagotea, eta, horrenbestez, esperantza handia dugu pilota txapelketa hori ondo ateratzeko bidean”.