Gudariak gogoratu dituzte Bizkargin
Hainbat ekitaldi egin dituzte asteburuan Bizkargin. 1937ko maiatzean mendian hildako gabiriarrak izan ziren atzoko protagonistak, eta antifaxismoaren aurrean daudela "ozen" esan zuten gazteen zapatuan.
Jendetza batu zen atzo Bizkargin, 36ko gerrako gudariak gogoratzeko asmoz. Muxikatik, Morgatik, Larrabetzutik eta Zornotzatik igo ziren herritarrak mendi tontorrera, eta, han, 1937ko maiatzeko batailan borrokatu eta hil ziren gudariak omendu zituzten.
Bizkargiko batailan hil zituzten Gabiriako sei gudari gazteei eskaini zieten memoria lanketa Iñigo Santxok eta Gaizka Arangurenek. Luis Altzueta, Simon Altzueta, Jose Apaolaza, Jose Mari Gabiria, Ramon Igartzabale eta Jesus Izagirre dira atzo gogoratu zituzten gudariak, Amaiur batailoian 1936ko irailetik aritu zirenak, eta Kandido Sasetaren agindupean altxatutakoen kontra borrokatu zirenak. Zehaztu zutenez, 1936ko irailean atera ziren Gabiriatik, eta, Mundakan kuartela egin eta hainbat lekutan borrokatu eta gero, Bizkargira joan ziren maiatzaren 9an. Han hil ziren atzo omendutakoak, baina batailoiak borrokan jarraitu zuen 1937ko abuztuan Eusko gudarostea Santoñan errenditu zen arte.
Gabiriako gudariak gogoratzeko eta 36ko gerran borrokatu ziren euskal gudariak omentzeko eguna goizetik hasi zen atzo. 11:00etatik hasita, trikitilariek eta EinGo taldeak musikatu zuten goiza, eta Larrabetzuko Bizkargi dantza taldeko dantzariak eta bertsolariak arduratu ziren eguerdia dantzaz eta musikaz betetzeaz. Onintza Enbeita muxikarrak, Xabier Arriaga Txiplas errigoitiarrak eta Etxahun Lekue larrabetzuarrak bota zituzten bertsoak; Xabier Amurizak ere bota zuen berea. Horien ostean, EinGo taldearen erromeriaren doinuez gozatu zuten bertaratu zirenek.
Arratsaldean, Gorozikako frontoian batu ziren muxikarrak eta inguruetako bizilagunak, eta Kittu taldeagaz dantzatu zuten.
Gazteen aldarria. Zapatuan, gazteek egin zuten memoria ekitaldia Bizkargin. Larrabetzuko, Gernikako, Zornotzako eta Mungiako gazteek memoriaren transmisioaren lekua hartu zuten, eta Bizkargin gertatutakoa gogoratu zuten, “askatasunaren aldeko borroka aldarrikatuz, lehen eta orain”.
Memoria antifaxista berretsi zuten gazteek: “Borroka egin duen belaunaldi bakoitzak utzitakoaren eroale gara. 85 urte pasatu diren arren, gazteok ez ditugu ahazten 1937an bizitakoak. Guda hartako gertakariak herri honen memorian finkatuko ditugu”. Izan ere, errelatu “faltsuz” ukatu nahi izan duten urteetako borrokak “bizirik” dirauela diote: “Gaur egun ere hamaika zapalkuntzen aurrean antolatzeko hautua egiten dugu gazteok, egunez egun. Zer da memoria borrokatzea ez bada?”.
Julen Arzuaga (EH Bilduko kidea), Ander Aperribai (Ernaiko kide eta historialaria) eta Maialen Arteaga (Mugimendu Feministako kidea) aritu ziren berbetan, eta euren solasaldia eta gero, gazte olinpiadek eta bertsoek hartu zuten arratsaldea. Iluntzean, Matxinada, Arene 6 eta Dj Kingstonen kontzertuak izan ziren.