Alluitz de Bilbao eta Jone Oar-Arteta, hirugarren eta zazpigarren Espainiako Trail Txapelketan
Gernikako Atletismo Taldeko bi atletak onenen artean sailkatu dira Bergan lehiatutako mendiko atletismoko proban, 20 urtez azpikoetan.
Alluitz de Bilbao hirugarren eta Jone Oar-Arteta zazpigarren helmugaratu ziren zapatuan Bergan jokatu zen Espainiako Trail Txapelketan. 20 urtez azpikoen kategorian Euskadiko Selekzioa ordezkatu zuten, eta euren jardun eta postuei esker, Euskadiko Selekzioak bigarren postua lortu zuen txapelketan; izan ere, selekzio bakoitzeko lehen bi atleten puntuak izaten dituzte kontutan, eta Gernika Atletismo Taldeko atletak izan ziren lehenengo euskal ordezkariak.
Lehenengo postu biak Gabriela Lasalle eta Blanca Batle Kataluniako selekzioko ordezkarientzat izan ziren, hurrenez hurren. Kortezubitarra 56 minutu eta 30 segundoko denborarekin sartu zen haien atzetik, eta, handik gutxira, Oar-Arteta helmugaratu zen, erlojua ordubete, minutu bat eta 27 segundotan geldituz. Proba gogorra izan zen zapatukoa, 8 kilometroko ibilbidean 548 metroko desnibela gainditu behar izan zutelako.
Gernika Atletismo Taldeko bi atletak gazte mailako Zegama-Aizkorri lasterketa ospetsua prestatzen ari dira orain, hilaren hasieran Urretxun lehiatutako Euskadiko Trail Txapelketan lehenengo bi postuak eskuratzeagatik.