Berrikuntzaz gainezka eta ikuspuntu arduratsuagaz egingo dute Mendi Jaia
Etzi izango da, Gernikako Pasealekuan hasi eta bukatuta. Edalontzi jasangarriak, xerpak, kategoria berriak eta inguruko komertzioen laguntzagaz egindako zozketak nabarmendu dituzte.
Domekan VIII. Mendi Jaia egingo dute Gernika-Lumon, Arrolape mendi klubak antolatuta. Mendi lasterketa, martxa luzea, umeentzako martxa laburra eta BTT martxa barnebiltzen ditu Mendi Jaiak. Gainera, lasterketa Urdaibai Kopako bigarren proba baliogarria izango da. Antolakuntzak hilabeteak daramatza aurtengo edizioaren prestakuntzan eta, hain zuzen ere, aste honetan markatu dituzte lasterketako nahiz martxetako ibilbideak. Mendi klubetik adierazi dutenaren arabera, Mendi Jaiak erronka tankera izango du: “Zorakeria eder baten jarraipena dela esango genuke, pandemiaren etenaren ostean”.
Arrolapetik azaldu dute koronabirusaren pandemia egoerak taldearen zelanbaiteko zatiketa sortu duela, eta Mendi Jaia, beraz, batasunaren eta Arrolape mendi klubaren osasunaren erakusle dela: “Geldialdi luze baten ostean, lan pertsonal handia eskatzen du Mendi Jaia bezalako ekimen bat antolatzeko dinamikak berreskuratzeak”. Osotara, 1.000 pertsonako izen emate zerrenda zabaldu dute aurtengo ediziorako: “Jakin badakigu kopuru oso handia dela, baina Mendi Jaia hazi eta hazi baino ez da egin azken edizioetan, eta, horrenbestez, parte-hartzaile kopuru txukun bategaz konformatuko gara”.
“Mendi Jaia zorakeria eder baten jarraipena dela esango genuke, pandemiaren etenaren ostean”
Kantitateaz harago, kalitateari erreparatzen diote antolatzaileek. Hori dela eta, mendizale profil guztiei egokituriko egitaraua prestatu dute. Batetik, aipatutako Urdaibai Kopako bigarren mendi lasterketa egongo da: 10:30ean hasiko da, eta lasterkariek 17 kilometro inguru eta. 900 metroko desnibela dituen ibilbidea egin beharko dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dortsalak hartzeko tartea 09:45etik 10:15era artekoa izango da.
Eguna lasaiago hartu gura dutenek, ostera, mendi martxa luzea egiteko parada izango dute, 09:00etatik aurrera. Bai martxa luzekoek, bai mendi lasterketakoek anoa postuak izango dituzte ibilbidean zehar, jatekoagaz nahiz edatekoagaz.
Etxeko txikiek ere mendiaz gozatzeko aukera izango dute aurtengo Mendi Jaian. Izan ere, 11:00etatik aurrera martxa txikia izango da, umeei zuzendurik. Antolakuntzak “ibilbide ezezaguna” prestatu du, gazteenei mendizaletasuna pizteko. Oinez edota korrika egiteaz gain, Mendi Jaia bi gurpilen gainean ere jarriko da. Hain zuzen, BTT edo mendi bizikleta martxa ere izango da. Proba hori atontzeko, Arrolape mendi klubak Piratak txirrindulari taldearen laguntza jaso du. Eurak izan dira, egunotan, mendi txirrindulariek bete beharko duten 34 kilometroko ibilbidea markatu dutenak. Ibilbide horrek 1.200 metroko desnibel positiboa izango du, eta baita bi anoa postu ere.
Edizio arduratsu baten bila. Arrolape Mendi Klubak ahalik eta modu arduratsuenean jokatzea bilatu du aurtengo antolakuntza prozesuan. Ardura hori, argitu dutenez, “hainbat alorretan” landu dute: “Batetik, genero arteko berdintasuna bilatu dugu; bestetik, gazteak zein umeak mendira hurreratzea; horiez gain, jasangarritasuna eta ingurugiroaren babesa”. Helburu horiek erdiesteko, aurten ez dute erabiliko plastikozko edalontzirik anoa postuetan; horien ordez, parte-hartzaile bakoitzari material jasangarriz egindako edalontzi tolesgarri bana banatuko zaio, eta hori erabili beharko du. Martxa txikian, ostera, hiru mendi gidari edo xerpa egongo dira, umeei laguntzeko eta mendi esperientzia horretan bidelagun izateko.
Genero arteko parekidetasuna ere zutabe da Arrolape mendi klubeko lantaldearentzat. Hortaz, “neska zein mutil oro probetan parte hartzera” animatu dituzte. Sari ematea proba orotako irteera eta helmuga gunean izango da: Gernika-Lumoko Pasealekuan. 13:30ean banatuko dituzte sariak. Aurtengo Urdaibai Kopan, berrikuntza gisa, 23 urtez azpikoen eta beteranoen kategoria berriak ere izango dira. Sariez gain, zozketak ere izango dira, inguruko komertzio txikien “babes handia bistaratzeko”. Pandemiak utzitako gerizpa, dena dela, oraindik ez dute ahaztu antolakuntzakoek: aurten, ez dute bazkaririk emango, probak bukatzean. Horren ordez, janaria eta edaria “modu informalago eta lasaiagoan” eskainiko dute.