Marmolari eta Ereñoko herriari emandako gunea martxan dago
Ereño Museoa izeneko gunea sortu du LePatafisic Cabinet talde artistikoak. Ereñoko Behatokiaren Interpretazio Zentro lanak egingo ditu.
Alber Palomerak eta Rober Garayk osatutako LePatafisic Cabinet talde artistikoak, Geranda mendian kokatutako Ereño Behatokia obra artistikoa oinarri harturik, Ereñoko Museoa sortu dute. Proiektu hori Ereñoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Urremendi Landa Garapen Elkartearen babesagaz ondu dute Palomerak eta Garayk.
Langai, tematika eta arlo desberdinak jorratzeko dituzten eremuetan banatutako espazioa da Ereño Museoa. Oinarria herriaren nortasun elementua den marmola da, eta material horren ingurukoak sakonki lantzen dira, ondorioz. Dena dela, herriaren ondarea, musika, geologia eta mistikotasuna ere zutabe dira atzo aurkeztu zen eta zapatuan ate irekien jardunaldia izango duen museoan. Atzo, 10:30ean, Ereñoko Udaleko ordezkariak, Joseba Zarrabengoetxea alkatea buru, espazio hori kokatuta dagoen Elexalde-Zeeta auzoko garaiaren inguruan elkartu ziren, interpretazio zentroaren aurkezpen ekitaldirako; izan ere, garaiaren barruan kokatu dute interpretazio eremua. Aurkezpen agerraldian izan ziren, gainera, Ereñoko hainbat herritar ere.
Lehenik eta behin, Zarrabengoetxeak eman zituen gune berri horren gaineko azalpen orokorrak, eta, jarraian, bi protagonista nagusiei, Palomerari eta Garayri hitza pasatu zien; eurak izan ziren, hain zuzen ere, interpretazio zentroaren inguruabarrak argitu zituztenak. Hori bai, Amaia Aldamizetxebarria ereñotarra izan zen zinta ebakitzeko eta, horrenbestez, espazio berria inauguratzeko ohorea izan zuena. Aldamizetxebarria egitasmo horretan oso murgilduta ibili da, batez ere, dokumentazio kontuei dagokienez. Garaiaren kanpoaldean emandako oinarrizko azalpenetan, Garayk eta Palomerak interpretazio zentroaren sorrerari buruzko nondik norakoak eta bere balioa azpimarratu dituzte.
Gunetan banatutako eremua. Behin barrualdean, marmolari, Ereñori eta bere ondareari emandako espazioa gunez gune argitu dute LePatafisic Cabineteko bikoteak. Garayk adierazitakoaren arabera, marmol gorriaren inguruan “hainbat ertz jorratzen dituzten interpretazio artistiko garaikide ugari” daude, eta, horrenbestez, museoaren jomugetako bat ikuskera horiei guztiei “aterpe bat ematea” da. Museoaren lehen atala musikari emana dago, Palomerak argitu duenez: “Kepa Junkera gure inspirazio iturri nagusietako bat izan da beti, eta omenaldi bat egin gura izan diogu”. Omenaldi itxurako txokoan, Junkerari buruzko informazioa edota jasotako lorpenak jarri dituzte.
Amaia Aldamizetxebarriak antzinako hainbat argazkiz hornitu du Ereño Museoa
Gainera, arrezife materialez egindako txalaparta ere sortu dute, Geranda mendira “zuzen-zuzenean” begira jarritako gonga eta guzti. Afinatua dagoenez, Palomerak eta Garayk txalaparta horren soinua erakutsi diete hurreraturiko denei, Junkeraren abesti baten gainean interpretaturiko txalaparta pieza bat joz. Bigarren atalak Ereñoko historia eta ondarea ontzen ditu. Zati horretan gako izan da Aldamizetxebarria, antzinako hainbat argazkiz hornitu baitu txokoa. Zentzu horretan, Garay eta Palomera “eskertuta” agertu dira, ereñotarraren ekarpenak eta parte-hartzea aipatuta. Hirugarren zatiak kutsu espirituala du: minerala eta mistikotasuna lotzen dituen otoitz gune bat sortu dute, belaunaulki eta guzti.
Laugarren eta bosgarren zatietan, hurrenez hurren, geologia eta arima lotu dituzte. Izan ere, arkeologia lanetan erabiltzen diren makinek, ideien nahiz ikuspuntuen dekonstrukzioak egin dituzte, eta, horregaz, arimaren pisua (21 gramo, azaldu dutenez) irudikatzen duen artelanak erakutsi ere bai. Azken zatia irakurzaletasunarena da, proiektu osoan erabilitako bibliografia edonorri luzatu asmoz, irakurtzeko txokoa jarri baitute.
Ereño Museoko aurkezpen ekitaldiko argazki galeria hemen.