Etorkizunerako memoriaren mapa sortu dute Lobek: Gernika 2037
Belaunaldiz belaunaldi Gernikako memoriaren transmisioa bermatzeko webgunea da. Testigantzez, argazkiz eta bideoz hornitu dute mapa. Ekarpenak jaso ditzake atariak
Memoria bizia da etorkizunerako bidea erakusten duena, eta herriko memoria bizirik mantentzearen aldeko hautua egin dute Gernikako Lobek Arkibai taldeagaz elkarlanean. Memoria kolektiboa gordetzeak belaunaldien arteko ahalegina eskatzen duela jakinda, memoriaren transmisioa bermatzeko webgunea sortu dute: Gernika 2037 Memoriaren mapa.
Gernikak sufritutako bonbardaketaren oroimena transmititzen jarraitzea da proiektuaren zeregin nagusia, baita bonbardaketaren memoria espazio publikora eramatea ere: “Guk geuk, bonbardaketa hura jasan zuten pertsonen ondorengook, egunero zapaltzen ditugun kaleen eta espazioen perspektibatik, memoriaren mapatik, egin dugu oroimena transmititzeko ahalegina. Bonbardaketaren memoria espazio publikora eramateko ariketa da memoriaren mapa”.
Memoria “aparteko” tresna dela diote bonbardaketan bizirik atera zirenen lobek, diren hori eta inguruan duten hori ulertzeko “ezinbesteko” lehengaia. Gizarteak ahanzturarako joera daukala dio Bernardo Atxaga idazleak, eta ez ahazteko keinu batzuk behar direla uste du, marka batzuk. Keinuak sortzen jarraitzea da herritarren zeregina, eta transmisio hori bultzatzeko mapa da Lobek sortu berri dutena: “Gure atzetik datozenek Gernikan orain dela 85 urte gertatutakoa ez ahazteko egin dugu lan”.
Izan ere, Gernikako bonbardaketan, udalerria ia osorik desagertu zen, eraikinen %85 bota zituztelako, eta Gernika berri bat eraiki zutelako zaharraren gainean. Hori eginda, bonbardaketaren aurreko ondare guztia desagertu zen eta oso marka gutxi geratu dira kaleetan.
Hori dela eta, lobak 2017an hasi ziren memoria lantzeko proiektuagaz, baina ordutik Gernikan “gauza asko” aldatu dira. “Momentu hartan hutsune bat zegoen herrian, ez zeudelako memoriaren ibilbideak, ez panelak, ez ezer; babeslekuak ere alde batera utzita zeuden. Ardura horretatik hasi ginen zerbait egin guran, eta lanari ekin genion”, adierazi du Oier Plaza Lobak taldeko kideak.
Bonbardaketari buruzko informazio asko kalera ateratzea falta zela ikusita abiatu zuten proiektua, hori egiteko moduak topatzen eta informazioa antolatzen: “Lehenengo lan saioan, udalerriko leku eta gertaeren zerrenda bat egiteko asmoa geneukan eta horiek identifikatzen hasi ginen. Hortik aurrera, udalerriko memoria historikoa lantzen aritzen diren talde, eragile eta norbanako desberdinengana jo genuen”. Behin informazioa eskuratuta, bildutakoa zelan sailkatu, aurkeztu edota argitaratu erabakitzen hasi ziren. “Orduan sortu zen maparen idea”, argitu dute landekideek. Bilera asko egin zituzten, eta gazteek antzinako Gernika zelakoa zen identifikatzeko zailatasunak zituztela ohartu zirenean erabaki zuten mapa egitea: “Informazio hori herritarrentzat eskuragarri jartzeko ideia zen proiektua”.
Dokumentazioa
Euskarri desberdinetako informazioz bete dute lobek memoriaren mapa: testigantzez, ikus-entzunezkoez, argazkiz eta xehetasunez. Horretarako, “garrantzitsua” izan da iraganeko dokumentu horiek guztiak eguneratzea eta eginda dagoen lanari erabilera berri bat ematea. “Testigantzak batzen hasi ginen, ez guk zuzenean jasotakoak biltzen, zoritxarrez, gero eta zailagoa baita hori egitea. Baina egindako lan horretatik eta euskarri desberdinetan jasotakotik hartu dugu informazioa: Egurtxikiren liburutik, Ahotsak proiektutik, Maria Jesus Cavasen liburutik…”. Bakearen Museoko edota Gernikazarra taldearen dokumentuak ere erabili dituzte.
1917, 1937, 1957, 2017 eta 2037 urteetan banatu dute sortu duten mapa, 1900 urteaz geroztik gaur egunera arteko Gernikaren bilakaera zelakoa izan den erakusteko. “Denboran atzera eta aurrera joatea erabaki genuen, udalerriaren perspektiba zabala eskaintzeko. Jakiteko bonbardaketa aurreko eta ondorengo Gernika zelakoa zen”, kontatu du Hibai Muniozguren lobak. Gainera, urte bakoitzeko mapa gaur egungoarekin gainjarri dute, herriaren hazkundearen eboluzioa antzemateko. Eta, urte bakoitzari, dagokion dokumentazioa gehitu diote.
Urteez aparte, 11 leku ere nabarmendu dituzte. “Horiei buruzko testuak sartu ditugu, eta leku horretako argazkiak batu ditugu orrialde horietan”. Hiru gai garrantzitsu ere jorratu dituzte, edukiak hala eskatzen zuelako: Gernikako emakumeak 1917an, suntsitutako Gernika 1937an, eta berreraiki gabe gertatutako eraikinak 1957an.
Hori guztia egiteko zailtasun teknikoak izan dituzte, ataria sortzeko ezagutza faltagatik; ondorioz, crowfunding kanpaina abiatu zuten, eta Asier Musatadi gernikarrak lagundu zien: “Webgunearen garapena % 100 gernikarrek egin dute. Jende askoren lana izan da, denbora eta esfortzu asko suposatu dituena”. Guzti horregatik luzatu da proiektuaren garapena eta aurkezpena: “Abiatu genuenetik gaur egunera gauza asko aldatu dira. Orain, kaleetan badaude informazio taulak eta zaindutako babeslekuak. Hala ere, gure ideia abiatu genuenean, ez geneukan udalaren asmoen berririk. Garrantzitsuena proiektua burutu izana eta aurkeztu izana da”.
2037 urtera begira
Informatzeko balio duen webgunea izateaz gain, etorkizuneko Gernika eraikitzeko ataria ere bada tresna berria. Izan ere, 2037 urteari dagokion eremuan, memoria eraikitzen jarraitzeko proposamenentzako tartea zabaldu dute: “Helburua da jendeak euren ekarpenak egin ahal izatea. Esaterako, guk, Andra Mariko babeslekua zegoen lekuan kale instalazio bat jartzea proposatu dugu”.
Lobek uste dute proposamen konkretuak egitea erraz dezakeela mapak, herriko kaleetan gertatu zenari buruzko informazioa eskaintzen duelako. “Ekarpenak gertaera historikoen arabera egitea ahalbidetzen du”, diote, eta ekarpenak jasotzeko tresna malgua dela azpimarratu dute. Hori dela eta, elkarteei elkarlanerako deia egin diete: “Gu ezin gara historialari edo artxiboko lanak egiten aritu, baina elkarteei dei egiten diegu euren materiala bidaltzeko. Elkarlana bultzatzea da asmoa”.
Etorkizunean webgunea herriko ikastetxeetan azaltzea aurreikusi dute, garrantzitsua delako belaunaldi berriei herriari buruzko dokumentazioa “modu entretenigarri eta gaurkotuan” helaraztea.