UEUk 'Bekaduna' websaila estreinatu du gaur
Zihara Enbeita gernikarra da umorezko websailaren protagonistetako bat. 50. urteurrena ospatzeko sortutako Interneterako ekoiztutako fikziozko saila BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute elkarlanean, eta Mikel Irazustak eta UEUko lantaldeak egin dituzte aktore lanak. Lau kapitulu grabatu dituzte, eta asmoa da bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea.
Udako Euskal Unibertsitatearen 50. urteurrena ospatzeko egitasmoen artean, eta maiatza eta ekainean UEUk egingo duen bazkidetza kanpainaren baitan, Bekaduna websaila estreinatuko dute gaur, sarean. Ikus-entzunezko honen helburuak dira urteurrena “modu jostagarrian ospatzea, oraindik UEU ezagutzen ez duten publikora iristea eta UEUko lantaldea eta bazkideak omentzea”.
Interneterako ekoiztutako fikziozko saila lau kapituluk osatzen dute, eta bi astetik behin UEUren youtube kanalean kapitulu berri bat argitaratzea aurreikusi dute. Tarteko asteetan bestelako edukiak zabalduko dituzte: toma faltsuak, gifak, argazkiak eta abar.
“Bekaduna UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da”
Idoia Torregarai UEUko komunikazio-arduradun eta proiektuaren koordinatzaileak egitasmo honek bere inguruan sortu duen ilusioa azpimarratu du: “UEUren 50. urteurrena modu desberdin batean ospatu nahi genuen. UEUren izaera alaia eta parte-hartzailea islatuko zuen zerbait egin nahi genuen, zerbait ganberroagoa”. BIRA eta Hiru Damatxokoek The Office telesailean oinarritutako gidoia aurkeztu zietenean, “segituan gustatu” zitzaiela kontatu du, eta lantaldeko kideak aktore bihurtzea “ederra” litzatekeela pentsatu zuten. Hain zuzen, 21 kideko lantaldetik 16k parte hartu dute, tartean, Zihara Enbeita gernikarrak, eta zuzendaritza taldeko kide bat ere agertzen da: “Grabazio egunetan oso urduri geunden, baina esperientzia zoragarria izan da. Eskerrak eman nahi dizkiegu BIRA produkzioak eta Hiru Damatxoko lagunei, profesionaltasun eta goxotasun guztiarekin aritu baitira. Bekaduna UEUren komunitate osoari egin nahi diogun opari bat da; guri bezainbat gustatzea espero dugu”.
Webseriea UEUk, BIRA produkzioak eta Hiru Damatxok egin dute eta emaitzarekin “pozik” daude denak. “Ez du (behar bada) euskarazko fikzioa salbatuko Baina goiz aldrebes bat baino gehiago bai”, esan du Lander Arretxea Hiru Damatxoko kideak. Mikel Alvarez, BIRA produkzioko kidearen esanetan, “ideia zoro asko” izaten dituzte, eta askok, ez dute lekurik topatzen, beste batzuek ordea, argia ikusten dute: “Bekaduna webserieak, lekua baino, etxea topatu du UEUn. Beste inon ezingo litzateke proiektu hau aurrera atera”.