Aldaketak egingo dituzte Berhaz bulegoan
Bulegoa berrantolatuko dute, BakQ ziurtagiria bertan jaso ahalko da, eta ez dute gehiago paperarekin lan egingo.
Bermeoko Udaletik jakitera eman dutenez, aste honetan hasita, aldaketak egongo dira Bermeoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Berhaz bulegoa). Hala, bulegoa bera “herritarrentzako erosoagoa” egite aldera, bulegoa berrantolatuko dute. Diotenez, harrera mahaia desagertu egingo da, eta horren ordez, mahaiak jarriko dituzte; administrazio “hurbilago” bat lortu gura dutela diote.
Orain arte ez modura, BakQ ziurtagiria Berhaz bulegoan ere eskuratu daiteke, “herritarren bizitza errazteko”. Zerbitzua modu “erraz eta arinean”egin ahal izateko herritarrek hitzordua hartzeko aukera daukate. Modu horretan zuzeneko arreta emango diote herritarrari, eta “beharrezkoak” diren azalpenak emango dizkiote.
Gainera, bulegoak paperarekin funtzionatzeari utziko dio; paper guztiak digitalizatu egingo dira. Berritasun horrek barne lanketari eragingo dio, eta ez herritarrei. Hau da, herritarrek paperak eroan ahalko dituzte eta Berhaz bulegoan arduratuko dira horiek digitalizatzeaz.
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren esanetan, herritarrek bulego “atseginago eta praktikoago” bat aurkituko dute epe laburrean.