Salome Campos itsasaldiak hiru kategoria izango ditu, irailaren 3an
Irailaren 3an egingo dute itsas zeharkaldi entzutetsua. 5.000 metroko ibilbideaz gain, 1.500ekoa eta 500ekoa ere izango dira. Izen ematea zabalik dago irailaren 1era arte, baina abuztuaren 1etik aurrera garestitu egingo da.
Koronabirusaren pandemia egoerak eragindako urte biko etenaldiaren ondoren, aurtengo irailaren 3an, Bermeoko portu ingurua itxuraldatu egingo da, hainbat eta hainbat igerilariren lehiagune bilakatuko baita. Izan ere, Salome Campos itsas zeharkaldia egingo dute. 2022koa VIII. edizioa izango da, eta, bere sorrerari jarraiki, emakumezkoak eta, beren-beregi, emakume igerilari nahiz kirolariak omentzea izango du xede. Horretarako, distantzia desberdinetako zeharkaldiak egingo dituzte, parte-hartzaileen profil guztiak asebetetze aldera. Hain zuzen ere, hiru kategoria eta bost proba izango dira irailaren 3an.
Proba nagusia Bermeoko portutik Izaro irlara joan-etorria egiten duena da, hau da, 5.000 metrokoa. Sail horrek izan ohi du parte-hartzailerik gehien; hori dela eta, hiru tanda egingo dituzte, guztiak antolatzeko. Zeharkaldi nagusiaz gain, 1.500 metrokoa eta Bermeoko portu barrutiaren barruan egingo den dea 500 metroko ibilbiere izango dituzte. 11:00etan hasiko dira ibilbide laburreko igerialdiak; 11:25ean, 5.000 metrokoen lehen multzoa; 11:28an, bigarrena; 11:31ean hirugarrena; eta 11:45ean 1.500 metroko probakoen txanda izango da.
Izen ematea zabalik dago. Tanda guztietarako izen-ematea, dagoeneko, zabalik dago, eta www.rockthesport.com webgunean egin behar da. Irailaren 1era arteko epea dago, baina aurreratu dute prezioak gora egingo duela abuztuaren 1etik aurrera. 2019an inoizkorik emakume gehien egon ziren: 101. Adnan Mustafic eta Nerea Murua izan ziren proba nagusiko garaileak. Antolaketa lanetan dabilen Aintzi Labururen arabera, 2022ko helburua kategoria denetan emakumezkoen parte hartzea hauspotzea izango da: “Normalean, 500 metroko proban egoten dira emakumezko gehien, eta, hortaz, beste bi distantzietakoetan ere genero arteko parekotasunean aurrera egin gura dugu”. Horrez gain osasuna eta babesa ziurtatzea biltzen dute: “Azken bi urteetan babes protokoloak landu ditugu, hori ere lehentasun nagusienetako bat delako”.