'Koloretako ziabogak' tailerra antolatu du Bermeoko Gurasolagunek
Maiatzaren 13rako antolatu dute tailerra; izena emateko azken eguna, baina, maiatzaren 6a (barikua) da.
Bermeoko Gurasolagun egitasmoak koloretako ziabogak tailerra antolatu du maiatzaren 13rako (barikua). Aipatu tailerra Bekoportalen izango da, 18:00etatik aurrera. Tailerrak familian euskaraz jolasteko aukera emango duela gogorarazi dute antolatzaileek. Tailerra doakoa da.
Taldeak osatuko dituzte tailerrean, eta multzo bakoitzak bere ibilbidea izango du. Ibilbidean bost ziaboga topatuko dituzte eta ziaboga bakoitzean zeregin bat izango dute parte hartzaileek: “Aniztasuna eta inklusioa jartzen dira erdigunean. Hala, parte hartzaileek hainbat egoera biziko dituzte. Honakoak izango dira zereginak: Ahotsik gabeko abesti gorra, aldamenetik begirako marrazkia, gorputzarekin osatutako irudia, histori cubesekin sortutako istorioa eta usaimenaren puzzlea. Ziaboga bakoitzean talde bakoitzak esaldi baten zati bat lortuko du, eta talde guztien ziabogetatik ateratako zati guztiak elkartuta esaldi bat egongo da. Amaieran, esaldia zeinu hizkuntzan esaten ikasiko dute guztiek batera”.
Jakitera eman dutenez, 6 urtetik aurrerako umeentzako tailer “aproposa” da. Familia bakoitzeko ume eta guraso edo arduradun batek parte hartu ahalko dute. Saioaren metodologia “guztiz dinamikoa” izango dela azaldu dute, eta haurrak eta helduak elkarrekin arituko dira euskaraz ordubetez, 18:00etatik 19:00etara.
Plaza kopurua mugatua da, eta izena emateko azken eguna maiatzaren 6a (barikua) izango da. Parte hartu gura dutenek 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi edo deitu beharko dute; umearen adina eta gurasoaren izen-abizenak zehaztu beharko dira.