Hemeretzi establezimenduk parte hartuko dute udaberriko erakusleiho lehiaketan
Herritarrek gaurtik maiatzaren 14ra bitartean aukeratu ahalko dute zein den eurentzako herriko erakusleihorik gustukoena.
Bermeoko hemeretzi establezimenduk parte hartuko dute udalak antolatu duen bosgarren erakusleiho lehiaketan. Hala, horiek guztiek, udaberriz jantziko dituzte euren erakusleihoak. Udaletik azaldu dutenez, ekimenaren helburua da herriko saltokiak indartzea, bertoko kontsumoa sustatzea eta erakusleihoak apaintzea.
Herritarrek, gainera, gaur hasi eta maiatzaren 14ra bitartean herriko erakusleihorik gustukoena aukeratu ahalko dute. Eskuorri bat bete beharko dute eta dendetako zigiluak eskuratu. Eskuorria Gizarte eta Kultura etxean, Berhazen edo Behargintzan utzi beharko dute. Parte hartzaileen artean 500 euroko saria zozkatuko dute. Diru hori ekimen honetan parte hartzen duten establezimenduetan gastatu beharko dutela jakitera eman dute, maiatzaren 28a baino lehen. Saltokiak 500 euroko saria jasoko du.
Epaimahai batek emanda, berriz, beste bi sari egongo dira: Negoziotik kanpoko profesionalek egindako erakusleihorik onena eta negozioetako langileek edo jabeek apaindutako erakusleihorik onena. 500 euroko saria jasoko du kategoriako bakoitzeko irabazleak.
Epaimahaia profesionalek osatuko dute eta zenbait irizpide izango dituzte kontuan: irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena, eszenaratzearen eta lanen akaberen kalitatea eta azken emaitza, originaltasuna eta eraginkortasuna.