Errenta aitorpena euskaraz egitearen alde egin dute Bermeon
Bermeoko Udalak eta herriko bost aholkularitza zerbitzuk hitzarmena sinatu zuten joan den barikuan; helburua da herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzea eta horretarako erraztasunak ematea.
Beste urte batez, errenta aitorpena euskaraz egitearen alde egin dute Bermeon. Hala, Bermeoko Udalak hizarmena sinatu du herriko bost aholkularitza zerbitzurekin. Joan den barikuan sinatu zuten hitzarmenaren helburua da herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera gonbidatzea eta horretarako erraztasunak ematea.
Udal ordezkarien hitzetan, mota horretako ekimenen bidez, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak eman gura zaizkie; “neurri zehatzak hartuz eta esparru guztietan euskararen erabilera bultzatzeko pausoak emanez”. Hala, elkarlanaren bitartez, hitzarmena sinatu duten entitateek errenta aitorpena euskaraz egiteko erraztasunak emango dizkiete bezeroei. Udalak, bere aldetik, sentsibilizazio lana egingo du.
Bermeoko euskara zinegotzi Kepa Zumetak sinatzaileei eskerrak eman dizkie, “euskararen erabilera sustatzeko pauso garrantzitsua emateagatik”.