Bestelako basogintza ereduak aztertuko dituzte BaSOS jardunaldietan
Bertoko espezieak berton bultzatzea eta baso kudeaketarako aukera desberdinak eta bertokoak daudela erakustea da jardunaldien asmoa. Adituek eskainiko dituzten bost saio prestatu dituzte.
Egungo baso kudeaketaz gain, bestelako eta bertoko basogintza ereduak daudela erakusteko eta bertoko basoak sustatzeari buruzko kontzientzia sortzeko asmoz, basogintza ereduei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte BaSOS taldeko kideek.
“Bertoko espezieak berton bultzatzea eta baso kudeaketarako aukera desberdinak eta bertokoak daudela erakustea da asmoa. Izan ere, bertoko hazi bat non hasiko da hemen baino hobeto?”, galdetu dute taldeko kideek. Elikagaien banaketarekin lanketa hori egiten dela diote, eta uste dute basoekin kudeaketari buruzko lanketa ere egin beharko litzatekeela: “Tokian tokiko produktuak kontsumitzearen alde egiten dugu, baina haritza Frantziatik ekarri behar dugu? Lanketarik ez da egiten, eta hori da arazoa”.
Gogoratu dute, azken hiru urteetan, Busturialdeko lurretan Ajangiz guztia bebetzeko beste eukalipto landatu direla –700 hektarea baino gehiago–, beste espezie exotiko batzuk kontutan hartu barik. Beraz, etxe inguruetan dagoenaz arduratzeko ordua dela arrazoi hartuta eta herritarrak sentsibilizatzeko “beharrizana” dagoela iritzita, basogintza ereduei buruzko bost saio antolatu dituzte, “biodibertsitatea babesteko, berotegi efektuko gasak gutxitzeko, bertoko ekonomia bultzatzeko eta matarrasekin galtzen den lurra berreskuratzeko. Izan ere, espezie askoko eta ezberdinetako basoak direla bertokoak adierazi dute.
Bost saio.
Bihar hasi eta maiatzaren 26ra bitarteko saioak adituek zuzenduko dituzte. Urak aske ikus-entzunezkoaren proiekzioagaz hasiko dituzte jardunaldiak bihar, Lizeo Antzokian, 18:00etan, eta bertan izango dira Bego Zubia eta Arturo Elosegi dokumentalaren egileak.
Dokumentala proiektatzeaz gain, lursail baten kudeaketarako tailer praktikoa eskainiko dute Joserra Diez era Ane Zabaletak hurrengo astean. “Lursail batean espezie bakarra landu beharrean, horiek zelan kudeatu daitezkeen erakutsiko dute EHUko doktoreek. Azalduko dute, lursailaren arabera, kontserbaziorako basoak kudeatzeko lekua izan dezakeela lursail batek, baita egurra ateratzeko gunea ere”, azaldu dute antolatzaileek.
Gaur egun pil-pilean dagoen eukaliptoaren landaketa mugatzeko xedapena izango dute ardatz Iratxe Arriola EH Bilduko Bizkaiko legebiltzarkideak eta Diego Mendoza Baso Biziak Plataformako kideak. “Lege berriari buruz ariko dira, izan ere, 2025eko abenduaren 31 arte ezingo da herrialdean eukaliptorik landatu. Luzapen hori nahikoa den edo ez kontatuko dute”.
Lege orokorretatik tokiko ereduetara egingo dute salto. Izan ere, maiatzaren 19an Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkaetak udalek lursailak kudeatzeko dituzten aukerak azalduko ditu, euren esperientzia oinarri hartuta. Udalaren lursailak kudeatzerakoan udalek zer egin dezaketen kontatuko du, baita lur publikoak lortzeko zer egin behar duten ere. “Lur publikoak sustatzea da asmoa, Bizkaiko lursailen %20 baino ez direlako publikoak”, zehaztu dute, eta eskualdeko alkateei jardunaldira bertaratzeko deia egin diete.
Sugarai kooperatibaren esperientzia ere ezagutu ahalko da jardunaldietan. Bertoko basoak landatzen dituzte, bertoko espeziekin, horiek eraldatzeko eta tokian bertan saltzeko. “Benetako ekonomia zirkularra da, berton landatu, eraldatu eta saltzen dutelako. 50 kilometroko eramuan lan egiten dute”, azaldu dute arduradunek. Horiez gain, Goiener kooperatibako Bekoop taldekoak ere gerturatuko dira Astrara: “Etxebizitzaren beroketan doa faktura elektronikoaren erdia, eta badabiltza beste kooperatiba bat sortzen, etxeak berotzeko ereduak lantzeko. Horri buruz berba egingo dute”.
BaSOS taldeko ordezkariek herritarrei jardunaldietan parte hartzeko deia egiten diete.