Maiatzaren Lehena omendu dute Gernikan
Kontseilu Sozialistak Gernika-Lumoko Domingo Alegria plazan elkarretaratzea eta ekitaldia egin ditu, Maiatzaren Lehenean. Dantza, poesia eta aldarrikapena uztartu dituzte agerraldian.
Maiatzaren Lehena tarteko, Busturialdeko Kontseilu Sozialistak elkarretaratzea eta ekitaldia egin ditu Gernika-Lumoko Domingo Alegria enparantzan, Merkatu Plazaren aldameneko eremuan. 12:00etan hasita, Langileen Nazioarteko Eguna probestu dute, beharginek, egun, jasaten dituzten “gutxiespenak” eta “injustiziak” aditzera eman eta salatzeko. Horretarako, hainbat formatu edota atal barnebiltzen dituen agerraldia ehundu dute, eta bertara hurreratu dira gazteak nahiz adineko jendea; horietako batzuk militanteak, eta beste zenbait, ostera, kaletik zebiltzanak. Izan ere, adierazi dutenaren arabera, langile mugimendua eta, oro har, sozialismoa “milioika militanteren testigua” da, eta, horrenbestez, “pertsona bakoitzak bere ekarpena egin dezake”.
“Klase dominatzailea ez dago ezer opari egiteko prest, hortaz, gure zeregina da Maiatzaren Lehena folklore hutsa izatetik eskubide kolektiboen aldeko borroka eguna izatera igarotzea”
Hiru zatitan banatu dute Gernika-Lumoko ekitaldia: lehenik eta behin, kide bik dantza saioa egin dute; bertan, kutsu herrikoi edota tradizionala eta garaikidea uztartu dituen koreografia bat interpretatu dute. Jarraian, poesiarako tartea izan da, kideetako batek oholtzarako bidea hartu, eta olerki bat irakurri baitu. Ekitaldiko hirugarren eta azken zatian, aldiz, zenbait kidek Kontseilu Sozialistaren manifestu edo idatzi bat irakurri dute, Maiatzaren Lehena kari. Irakurketa kolektibo horren lehendabiziko zatian azaldu dute sozialismoa izan dela “askatasunaren bandera altxatu duen mugimendua”, eta proletargoa sozialismoagaz lotzen duen kontsignak “inoizkorik gaurkotasun gehien” duela argitu dute.
Era berean, hizlariek ahotan izan dute egungo ezker parlamentarioa ez dela ari “ezer egiten aribizi baldintzen okertzearen eta eskubide politikoen murriztearen kontra” eta, halaber, adierazi dute “Estatuaren eta Kapitalaren zuritzailea” dela. Irakurgaiaren azken txanpan gogoan izan dute “politikarekiko atxikimendua eta konpromiso desinteresatua”: “Klase dominatzailea ez dago ezer opari egiteko prest, hortaz, gure zeregina da Maiatzaren Lehena folklore hutsa izatetik eskubide kolektiboen aldeko borroka eguna izatera igarotzea”. Gernika-Lumoko ekitaldiaz gain, Kontseilu Sozialistak Lea-Artibain ere beste ekitaldi bat antolatu du gau, hori ere 12:00etan abiatuta; Ondarroan izan da, Zaldupeko zubian.
Argazki galeria hemen.