Bermeoko Warhammer lehiaketak 40.000. urtera eroan ditu jokalariak
Espainiako hainbat tokitako parte-hartzaileak asteburuan Bermeon lehiatu den Warhammer 40.000 txapelketara hurreratu dira. 132 pertsonako parte-hartzea egon da, lagun arteko giro bikainean. Aurtengo edizioak Estatuko Warhammer lehiaketa entzutetsuenen artean jarri du Bermeokoa, jauzi kualitatibo esanguratsua eginez.
Bermeok III. Warhammer 40.000 txapelketa hartu du asteburu honetan, hain zuzen ere, zapatuan eta domekan. San Frantzisko eskolako gimnasio eremuan bildu dira Espainiako hamaika txokotatik bertaraturiko parte-hartzaileak, eta guztira 132 lehiakide elkartu dira Bermeoko Mahai Joko eta Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatutako ekimenera. Antolatzaileak eta, beren-beregi, BREEko kide Ivan Andres “pozarren eta oso asebeteta” agertu dira txapelketak asteburu osoan zehar izandako dinamikekin, parte-hartzeagaz eta, oro har, San Frantziskoko gimnasioan izandako giroagaz; Bermeoko III. Warhammer 40.000 lehiaketaren balantzea, horrenbestez, “benetan positiboa” dela adierazi du Andresek.
Aurtengo talde garailea Madrilgo Azote Team izan da, 314 puntuko aldeagaz. Bigarren postuan, Conclave taldekoak sailkatu dira, horiek ere madrildarrak, eta hirugarren sailkatuarekiko 98 puntuko aldea erdietsi dute. Podiuma osatu duen hirugarren talde hori, hain zuzen ere, lehen talde euskalduna izan da: Hydra Team bilbotarrak. 94 puntugatik lortu durte azken podiumean sartzea. Lehenengo hamarren taula ondorengo taldeek osatu dute, hurrenez hurren: Las Voz de Horus, Narcoz, Slav Hard Hammer, Battle Bunker, Ludus Foramontanos, The Northen Chicken eta Bilbohammer.
Warhammer izenez ezagutzen den rol jokoak, antolatzailearen izenean, “ñabardura eta xehetasun ugari” barnebiltzen ditu, eta haatik bere konplexutasuna: “Funtsean, estrategian oinarritzen da. Kutsu futuristadun jokoa da, 40.000. urtean finkatua. Erabiltzen diren figuretako bakoitzak ezaugarri eta puntuazio jakin batzuk ditu, 2.000 puntuko mugagaz; horren arabera, jokalari talde bakoitzak eta multzo bakoitzeko kapitainak, estrategiak ehuntzen ditu, partidan gailentzeko; gainera, dadoak ere erabiltzen direnez, zortea ere faktore esanguratsua izan ohi da”. Halaber, Bermeon denetariko parte-hartzaile profilak izan dira asteburuan: batetik, figurak muntatu eta margoztu dituztenak baina lehiatu ez dutenak; bestetik, figuren sorkuntzari uko egin eta zuzen-zuzenean lehiara etorritakoak.
Hurrengo urtean, lehiaketa Bermeoko pilotalekura itzultzea gura dute, jokoak herritarrengana gerturatzeko
Busturialdean “etengabe gorantza” doan jokoa da: “EAEn, hainbat klub sortzen ari dira, eta oso iradokitzailea da Bermeo bezalako udalerri ertain batean ere talde bat egotea, Bilboz harago”, azaldu du Andresek. Bilboko taldeez gain, Iruñeko, Donostiako, Barakaldoko edota Eibarko taldeak ditu ahotan antolatzaileak. Munduko Warhammer lehiaketarik handiena, hain zuzen, Talavera de la Reinan egiten da, eta toki hori “ez dago hain urrun”, Andresen arabera. Zaletasun hori tarteko, Bermeora Estatu osoko 132 pertsona hurbildu dira, gehienak gizonezkoak (lau emakumezko). Andresen ustez, horren azalpena sinple askoa da: “Jokook freak mugimenduagaz erlazionatzen dira, eta profil horretako norbanakoak, normalean, gizonezkoak izaten dira”.
Zaletasuna gora doan heinean, Bermeoko lehiaketaren izenak ere bide berbera darama; Espainiako taldekako laugarren Warhammer txapelketarik aipagarriena izatera iritsi dira. Andres “ezin harroago” ageri da hauspotze horregaz: “Talaveran, esaterako, 700 pertsona inguru batzen dira, izugarria da, baina esan beharra dago gu geu ere hazi besterik ez garela egin”. Hazkunde hori oso gaitza da ez baitago federazio ofizialik. Hortaz, Andres eta lantaldea jo eta su ibili dira beharrean, espazio guztia prest egoteko. Hori bai, inguruko kolaboratzaileak ere izan dituzte, herriko parte-hartzea, adierazi duenez, “funtsezkoa” baita. Saritarako nahiz oparitarako 4.000 euroko aurrekontua izanik, inguruko komertzio, sortzaile nahiz artisauetara jo dute; esaterako, irabazleen txapelak Bermeoko Tarratadie etxekoak izan dira, eta lehiaketako kartela Barakaldoko La Guarida klubeko David Clemente artistak egin du.
Andres: Aurtengo III. Warhammer 40.000 txapelketaren balantzea benetan positiboa da
Datozen edizioetara begira, orain arteko goranzko mailari eustea espero du: “Hobetzen gabiltzala ikusirik, ildo horri heltzea gura dugu; leku desberdinetako parte-hartzaileak erakartzea, hurreko herritarrak ikustera etortzera animatzea eta emakumezkoen esku-hartzea sustatzea bilatuko ditugu”. Helburu horien bilaketan, esker oneko ageri da Bermeoko Udalagaz eta inguruko rol jokoen klubekin. Hurrengo urtean, joandako edizioan legez, txapelketa Bermeoko pilotalekura itzultzea espero dute, geroz eta entzutetsuagoak diren joko horiek herritarrengana gerturatzeko.
Bermeoko III. Warhammer 40.000 txapelketako argazki galeria hemen.
Bermeoko III. Warhammer 40.000 txapelketako bideoa hemen.