Naturaren koloreen esperimentazioa
Artearen diziplina desberdinekin esperimentatzea gustatzen zaio Arantza Young artista mendatarrari. Bestalde, ingelesez arte eskolak ematen aritu da urte askotan han eta hemen.
Zeru urdinen parean, arrosa, laranja edota tonu horixkez betetakoak. Itsasoaren umorea islatzen duten urdin eta berde desberdinen zertzeladak. Eguzki-printzek berotutako paisaia bukolikoak. Berde ilunenetik argienera doazen landak eta arbolak. Arantza Young artistaren margolanek kolore artean murgiltzeko gonbidapena egiten diete jakinminez begiratzen duten begiei.
Artista polifazetiko bat da mendatarra. Koadroak sortzea ezeze, poesia idaztea atsegin du eta, esate baterako, ikus-entzunezkoa, pintura eta musika batzen ditu bere bideoetan: «Gauza askotan ibiltzen naiz. Arte diziplinak batzea gustatzen zait. Beti egon naiz marrazten, txikitatik. Ikus-entzunezko diseinua ikasi nuen Londresen; diseinu asko eta marraztu asko egiten zen han, argazkiak, bideoak ere bai».
Marketing ikasketak egin ostean, 25 urtegaz alde egin zuen Londresera, hamar bat urte egin zituen bertan, eta handik Indiara joan zen. Horietan pilatutako bizipenekin bueltatu zen Euskal Herrira, eta ingeleseko irakasle moduan hasi zen beharrean.
Esperimentatzea gogoko du, tekniketan arakatzea: «Pinturekin esperimentatzen hasi nintzen. Danetariko teknikak erabiltzen ditut. Batzuetan olioa eta ura nahasten ditut, beste batzuetan eskuekin margotzen dut edo paletagaz, lehorgailuagaz. Beste teknika bat da hori, pintura bota eta lehorgailuagaz marraztea. Eta egurragaz ere aritzen naiz; taillak nik eginda daude, baina gizonak laguntzen dit azken ukituekin».
Bere «marka» propioa bilatzen ari dela dio: «Lagun batek esan zidan neure estiloa, seinua topatu behar nuela, eta hori topatzen ari naiz». Koloreen nahastea da bere lanetan gehien nabarmentzen dena, eta gauza bat argi dauka: «Natura da nire musa. Batzuetan zer egin ez dakidala hasten naiz, eta pintura botatzen dut eta lanean hasten naiz. Sarritan ideiak bakarrik etortzen dira, beste batzuetan, adibidez, itsasoa aurretik jakin dut egingo dudala».
North London Hornsey YMCAn aritu zen lanean umeei eskolak ematen, eta Busturialdean ere hainbat tailer eman ditu. «Eskolaz kanpoko ekintzak eskaintzen dituen kirol zentro bat da, eta nik artea erakusten nien umeei. Boluntario moduan hasi, eta gero langilea izan nintzen. Hemen ere hainbat lekutan ibili naz, Ajangizen eta Ibarrangelun, adibidez». Han eta hemen ingelesez eman ditu arte eskolak. Umeek jolasten asko ikasten dutela dio: «Dena da bisuala, eta entzumenagaz ikasten dute ingelesa».
Sare sozialak eta erakusketak
Ikuskizunerako eta irakaskuntzarako sena «beti eduki» duela aitortu du. Irakaskuntzan ordu asko eman ditu, berak asko eman eta jaso du, baina orain bere lanarekiko «apustua» egiteko ordua heldu zaiola uste du; bere lana ezagutaratzi gura du, erakusketen bitartez, adibidez. Hala, sare sozialen bidez ere erakusten ditu bere sormen lanak, Facebooken zein Instagramen: «Instagramen hasi nintzen lanak erakusten, eta 7.000 jarraitzailetik gora ditut. Jendeari gustatzen zaizkiola ikusteak motibazioa ematen du».
Apirilean bere sorkuntzaren zatitxo bat ikusgai eta salgai eduki du Gernika-Lumoko Agarre auzoko lokal batean, eta bertan 5-12 urte bitarteko umeei tailerrak ere eman dizkie. Gaur arte (18:00-20:00) dauzka bertan: «Auzoari zerbait eskaintzea zen ideia». Bere margolanekin puzzle antzeko bat osatu du San Kristobal plazaren inguruko lokalean: «Denda baten moduko da, eta erakusketa batean bezala, ez dago ordena bat. Proba bat izan da; helburua zen jendeak koadroak ikustea, eta baten bati zer edo zer gustatuz gero, erosteko aukera eman dut».
Euskal Herriko mitologiaren pertsonaia kuttuna den Anbotoko Mari dauka koadro batean, eta beste batean baita lamia bat ere ur jauzi baten magalean. Arropa denda baterako egin zituenak ere eroan ditu Gernika-Lumora, horietan soineko dotoreekin ageri dira emakumeak. Eta, zelan ez, paisaia eder asko jaso ditu, egunsenti eta ilunabar errepikaezinak. Arratzuko Artzubi Zubia ere ageri da margolan batean, Izaro ere hainbat lanetan agertzen da, eta bere Guernicak: «Etxean Gernika handi-handi bat daukat. Durangoko erakusketara eroan nuen, eta jendeak ikusi dezan non ipini pentsatzen nabil orain. Gernikako jendeak beste sentimentu bat dauka Gernikagaz, eta hemen lokal handiren batean norbaitek erakusgai ipini nahi badu proposamenak ematen hasiko naiz».
Tailerrak «oso arrakastatsuak» izan direla kontatu du: «3 urtekoak ere sartzen ziren, eta ezin diet ezetz esan ume txikiei. Interesa piztu zuen; ilarak eduki nituen sarreran, eta guraso asko hurbildu ziren galdezka».
Komikia ingelesez
Ingelesez liburu bat idazten ere badabil. «Ilusioa daukat. Ameriketako indioena da. Indioen hainbeste marrazki dauzkat, eta komikietara zaletua naizenez, nire ideia da ilustrazioekin istoriotxo bat sortzea eta komikia izatea. Bosgarren kapituluan nabil, eta amaitzean, argitaratu gura nuke. Ezin badut, behintzat, sarean argitaratuko dut».
Hala ere, erakusketak egitea da orain bere lehentasun nagusietako bat. Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean ipini zuen bere lehenengo erakusketa, eta Gernika-Lumoko Auzokoa tabernan hiru bat hilabetean egon ziren bere koadroak. Iazko udan, berriz, Olatuak erakusketa ipini zuen Mundakan. «Oso polito geratu zen erakusketa. Abuztua izanda kanpoan mugimendu asko egon bazen ere, barruan, erakusketan, ez zen jende joan-etorri handirik egon».
Aurrerantzean beste hainbat lekutan erakusketak egitea aurreikusita dauka: «Nire ilusioa da honegaz jarraitzea, gustatuko litzaidake jarraitzea pintura eta ikus-entzunezkoak uztartzen. Milaka ideia ditut proiekzio eta argiztapen muntaiak egiteko, adibidez, baina lekua eduki behar da. Jendeari pinturak pila bat gustatzen zaizkio, baina oraindino hemen ez dago erosteko ohitura. Baina ez dit inporta; jarraitzeko arrazoiak ditut, eta jendeari egiten dudana gustatzen bazaio, motibazio nahikoa da hori. Jendea hurbiltzen da, eta polita dela esaten dute, baina ez dute erosten, kultura falta da. Agian, uste dute oso garestiak direla». Erreparo hori eduki dezaketelako galdetu ere ez dutela egiten deritzo Youngek: «Egia esan, aterabidea emateko oso merke saltzen ditut, denak ezin baititut nik eduki. Batzuk saltzeak pena emango dit, zeru errepikaezinak baitira, eta halakoak berriro ateratzea ez da erraza, koloreak bereziak dira».