'Tipularen sehaska kanta' dokumentala dakar Sarek Busturira
Eneko Goieaskoetxea preso busturiarraren urtebetetze eguna da bihar. Hala, dokumentalaren ostean, argazki kolektiboa egingo dute eta bideo bat ere grabatuko dute.
Busturiko Sarek antolatuta, Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala ikusteko aukera egongo da bihar, 18:00etan hasita, Altamirako kultur etxean. Espetxean gaixotasunak suposatzen duen samina azalera ekarri gura izan du Garrok dokumentalean.
Zuzendariak kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana jo du filmetarako, “ondorioak hobeto ulertzeko”. Antolatzaileek azaldu dutenez, diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du; “osasunerako eskubiderik ez daukaten presoen babesgabetasuna, emozioen ikuspegitik esploratuz, artefaktu zinematografiko baten bidez”.
Film politikoa baino gehiago, film artistikoa dela diote. “Tipularen sehaska kanta lehen pertsonan eta hesteetatik kontatuta dago”. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du Tipularen sehaska kanta-k: “1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?”.
Goieskoetxearen urtebetetzea. Bihar, apirilak 29, gainera, Eneko Goieaskoetxea preso busturiarraren urtebetetze eguna dela gogorarazi du Sare Busturiak. Hala, aipatutako dokumentala ikusi ostean, azken barikuetan egiten duten elkarretaratzea baliatuko dute argazki kolektiboa ateratzeko. Horrez gain, bideo bat ere grabatuko dute Goieaskoetxeari bidaltzeko, eta, hortaz, herritarrak deitu dituzte parte hartzera.
Beste alde batetik, herritarrak animatu dituzte zorion agurrak kartzelara bidaltzera; “urruntasunetik geure berotasuna igartzeko”, diote. Ohiko gutunez gain (C.P. EL DUESO. Avda. de Berria, s/n. 39740 Santoña (Cantabria), burofaxa, telegrama eta gutun digitalak bidaltzeko aukera ere badagoela jakitera eman gura izan dute: “Ordenadoretik egin daitezke bidalketa horiek, eta egun batetik bestera iristen dira mezuak”.