Espezie exotiko inbaditzaileei buruzko saioa, Lurgaiaren eskutik
Natur Ondarearen Kontserbazio eta Kudeaketarako Lurgaia Fundazioak bestelako proposamena dakar oraingoan. Espezia exotiko inbaditzaileei buruzko jardunaldia prestatu dute maiatzaren 8rako (domeka). Horiei eta anfibioei buruzko azalpenez gain, ur-putzu batean egokitzapen lanetan ariko dira, eta umeentzako tailerra ere emango dute.
Egun horretan 09:30ean elkartuko dira Muxikako Astei nekazalturismoaren aparkalekuan (Muniketa auzoa, 8), eta 13:30ak aldera amaituko dituzte zereginak. Saioan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da; izen ematea maiatzaren 5a (eguena) baino lehenago egiteko eskatu dute, info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita.
“Espezie exotiko inbaditzaileen aurkako borrokak iraunkortasun handia behar du. Astei inguruan arazo gehien ematen diguten espezieetako batzuk kontrolatzen jarraituko dugu. Horrekin batera, inguruko putzuren batean egokitzapena egingo dugu, funtzionamendua hobetzeko eta espezie exotiko inbaditzaileei eta anfibioei buruz hitz egingo dugu”, azaldu dute Lurgaiaren kideek. Umeen tailerra WABI-SABI Natura elkartekoek emango dute, jolasten ikasteko aukera eskainiz.
Saioan parte hartzeko zenbait gomendio eman dituzte Lurgaiakoek oraingo honetan ere. Eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, mendiko edota uretarako oinetako eta arropa aproposak eroateko esan dute, bai eta ura eta gura duenak fruta edo jateko zerbait ere. Halaber, antolatzaileek saioaren amaierarako “jateko zeozer” eramango dutela jakinarazi dute: “Amaieran geratuko ez direnek, izena ematerakoan zehazteko eskatu dugu”.