Ajangizko herriko taberna zabaldu dute
Momentua aprobetxatuta, herriko zenbait langile ohi omendu zituzten tabernaren inaugurazio ekitaldian: Karmelo Crespo, Jose Fernando Albizu, Amaia Albizu eta Silvio eta Adrian Costin.
Apirilaren 22a izan zen ajangiztarrek horrenbeste espero zuten eguna: herriko tabernaren inaugurazioa. Urtebetez taberna itxita egon ostean, zabaldu dute berriro, eta herritarrei zerbitzua eskaintzeko prestatu dute. 400 pertsona inguru batu ziren irekiera egunean, Mendietako plazan.
Ajagiztarrentzako “leku esanguratsu bezain garrantzitsua” da herriko taberna, herritarrak elkartzeko tokia baita. Funtzio sozial handia duen lekua dela dio Koldo Carbonell herriko alkateak, bertan batzen dira-eta, herriko zein inguruetako bizilagunak. Hala, momentua aprobetxatuta, herriko zenbait langile ohi omendu zituzten tabernaren inaugurazio ekitaldian: Karmelo Crespo, Jose Fernando Albizu, Amaia Albizu eta Silvio eta Adrian Costin.
Ajangizko herriko tabernako arduraduna izan da Karmelo Crespo 27 urtez, eta egindako lana eskertu gura izan diote udaleko kideek: “Sukaldari bikaiona da, 27 urtez taberna ederto kudeatu duena”. Ajangiztarrek pastorie bezala ezagutzen duten Jose Fernando Albizu herriko aguazila izan da 30 urtetan, eta erretiroa hartu du orain. Amaia Albizu, berriz, Ajangizko helduei etxez etxeko zerbitzua ematen aritu da, eta hari ere lorak eman zizkioten herriko plazan.
Ez ziren ahaztu herriko taberna itxita egon den denboran kamioi batetik ogitartekoak eskaintzen aritu diren Silvio eta Adrian Costinetaz.
Halaber, ondo etorria eman zioten herriko tabernaren kudeatzaile berria izango den Bittor Idigorasi. “Ilusioz” eta “lan asko egiteko gogoz” arituko direla onartu zuen Idigorasek.
Egindako lanak.
2018an herriko tabernaren diseinuari buruz iritzia emateko aukera izan zuten herritarrek, eta iaz hasi ziren obrak egiten. Obra burutzeko, 211.450,37 euroko aurrekontua behar izan dute, asko izan baitira eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean egin dituzten hobekuntza lanak. Hala ere, barruko aldea egokitzea eta konpontzea izan dela obraren zatirik handiena eta lan gehien behar izan duena adierazi zuen Carbonellek.
Lehen solairuko espazioa erabilera anitzeko gune bihurtu dute, lehen zegoen egitura berrantolatuta. Tabernako barra ere erabilgarriagoa da orain, eta lanak errazago egitea ahalbidetzen du. Halaber, barraren atzealdean ogitartekoak eta pintxoak egiteko plantxa bat jarri dute, baita goiko eta beheko solairua konektatuko dituen karga jasogailua eraiki ere. Beheko solairuko biltegia osatzeko, bi armairu jarri dituzte, bata eskailera nagusiaren azpian eta bestea telebista zegoen tokian. Lehen solairuan zegoen karakol eskailera kendu dute, eta jatetxeari leku gehiago ematen dion berri bat jarri dute. Horrez gainera, bi komun berri egin dituzte, eta horietako bat elbarrientzat egokitu dute.
Bigarren solairuari dagokionez, ezkaratza berritu dute, eta jatetxea dagoen lekuan solairuko altuera teilaturaino handitu dute. Goiko teilatupera joateko eskailera sukaldetik ateratzen da kanpora.