132 parte hartzaile hartuko ditu Warhammer txapelketak
Zapatua eta domeka bitartean, hiru orduko bost partida jokatuko dituzte parte hartzaileek San Frantzisko herri ikastetxeko gimnasioan.
Espainiako Estatuko warhammerren jokalaririk onenak Bermeon batuko dira asteburuan; izan ere, Bermeoko Mahai Jokoak eta Rol Eskola Elkarteak (BREE) antolatuta, III. Warhammer 40.000 txapelketa jokatuko da. Azaldu dutenez, 132 parte hartzaile ariko dira lehian.
Bermeokoa Espainiako Estatuko laugarren txapelketarik garrantzitsuena dela azaldu dute antolatzaileek: “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako txapelketarik garrantzitsuena izango da aurtengoa”. Warhammer munduan leku garrantzitsuan bilakatu da Bermeo.
Zapatuan eta domekan ariko dira lehian. Oraingoan, San Frantzisko herri ikastetxeko gimnasioan batuko dira. Egun osoko jardunaldia izango da zapatukoa, 09:00etatik 19:30era, eta domekan, berriz, 08:00etan hasiko dira eta 14:00etako amaitu gura dute; ordu horretarako aurreikusita baitago sari banaketa ekitaldia egitea. Antolatzaileek azaldu dutenez txapelketa handia izateko, bost partida jokatu behar dira, eta partida bakoitza hiru ordukoa da.
Irabazleentzat ez ezik, parte hartzaile guztientzako oparitxoren bat egongo dela azaldu dute: “Txapelak, garaikurrak eta opariak kontuan hartuta, 4.000 euro banatuko ditugu saritan”.
Ateak zabalik. San Frantzisko herri ikastetxeko gimnasioko ateak zabalik egongo dira, hortaz, interesa daukaten guztiek ikusi ahalko dute zelan doan lehia; espero dute, gainera, bermeotar asko bertaratzea. Hori bai, estrategia jokoa dela gogorarazi dute, jokalariak lehian egongo direla gogorarazita: “Parte hartzaileak kontzentratuta egongo dira jokaldietan pentsatzen. Horregatik, txapelketa ikusten sartu ahalko bada ere, saiatuko gara jokalariei trabarik ez egiten”. Txapelketa frontoian egiten saiatu izan direla diote, jendearengandik hurbilago egoteko: “Lehenengo txapelketa antzinako Arrantzaleen Kofradian egin genuenean jende asko sartu zen, eta gustura ateratzen ziren. Harrituta geratzen ziren, eta oso pozik geratu ginen. Hala ere, garbitzaileen greba dela eta ez digute utzi. San Frantziskora txapelketa dagoela dakiena baino ez da bertaratuko, eta jakin badakigu ikusten duenak harrituta geratzen dela”.
Warhammer mundua “ikusgarria” da, ez delako jokoa soilik, baizik eta hori ahalbidetzen duen guztia: figurak, modelismoa… “Oso figura txikiak daude, eta mundu horretan artistak direnak daude. Pinturako sari bat ere egongo da. Herrian bertan horretan artistak direnak ere baditugu, oso ondo marrazten dute”.
Bermeotarrek ez dute herriko txapelketan parte hartuko, antolaketa lanetan egongo baitira, baina beste txapelketa batzuetan aritzen dira: “Orain dela hiru urte hiru bermeotar, bi bilbotar eta Barakaldoko bat batu ginen; Aibala ostia Txo izena jarri genion taldeari, baserritar jantzita joaten gara lehiaketetara, oso ezagunak gara”. Martxoan Madrileko lehiaketa batean egon ziren eta laugarren geratu ziren, ekainean Galiziara doaz.
Abuztuan Munduko Txapelketa jokatuko da, Espainiako selekzioak parte hartuko du eta taldean egongo da Ivan Andres bermeotarra ere. Bermeokoa eta Galiziakoa munduko txapelketara begira prestatzeko txapelketak izango direla zehaztu dute.