Ukrainako gerran hildako kazetariak gogoratu dituzte George Steerren omenaldian
Steer omentzeaz gain, Ukrainako gerran zauritutako kazetari guztiei eta prentsa-zentsuraren eta adierazpen-askatasunaren biktima izan diren komunikabideei ere omenaldia egin diete.
George Steer kazetaria omendu dute gaur, Gernikan gertatutakoa munduan zabaltzeagatik. Bere monolito aurrean aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin diote, eta kazetariak The Times eta The New York Times egunkarietan egindako gertakarien kronika zehatza balioetsi dute: “Funtsezkoa izan zen herri honetan gertatutakoaren egia zabaltzeko”.
Horrez gainera, Ukrainako gerran hildako kazetariak izan dituzte gogoan. “Omenaldi bat egin gura diet Ukrainako gerraren berri ematen hil diren kazetari eta kazetari grafiko guztiei”, azaldu du Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak. Besteren artean, Oksana Baulina errusiar kazetaria, Oleksandra Kuvshynova ukrainarra eta Brent Renaud estatubatuarra izan ditu gogoan.
Egia.
Alkateak adierazi du “garrantzia handia” duela herritarrak ondo informatzeak, eta Steerrek “egiaren” alde egin zuen lana balioan jarri du: “Ikusitakoa transmititu zuen munduan. Gerretan lehenengo biktima izaten da egia, baina hori ez zen Gernikaren kasua izan Steerren lanari esker”. Kazetariak izan zuen ausardia eskertu dio alkateak, biktimen, bizirik atera direnen eta herri osoaren izenean: “Egia esatean egitateen egia ezkutatu nahi zuten beste bertsioen kontra egin zuen”.