Beatriz Artolazabal: "Estatu Espainiarren onarpenak erantzukizuna eta autokritika izan beharko lituzke"
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearentzat pauso "garrantzitsua" izan da Espainako Gobernuaren adierazpena, baina beste pauso bat eman behar dela dio.
Espainiako Gobernuak lehenengoz gaitzetsi zuen atzo Gernikako bonbardaketa, 85. urteurrenean, baina ez zuen barkamenik eskatu. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du atzoko Espainiako Gobernuaren adierazpena “esanguratsua” izan zela: “Ministro Kontseiluak Gernikako bonbardaketari buruz onartutako adierazpen instituzionala norabide egokian emandako urrats txiki baina esanguratsua da. Lehen pauso hau oroimenaren, egiaren eta konpromisozko bide baten hasiera izan behar da”.
Sailburuak gaineratu zuen Estatu Espainiarren onarpenak “erantzukizuna eta autokritika” beharko lituzkeela. “Memoria eta egia bakearekiko konpromiso zibikoaren zerbitzura jarri behar dira. Oroimena eta egia behar dira kontzientzia aldatzeko, askatasunaren eta demokraziaren balioekin konprometitutako herritarrak bihurtzeko”, adierazi zuen.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearentzat pauso “garrantzitsua” izan da Espainako Gobernuaren adierazpena, baina beste pauso bat eman behar dela dio.
Gorroñok jakinarazi du martxoaren 11n Pedro Sanchez Espainiako presidenteari gutun bat bidali ziola errekonozimendua eta parkamen eskaera “erreparazio neurri sinbolikoak” direla esanez. Eskatu zion aitorpen publiko bat egiteko, “biktimen oroimena balioan jartzeko, memoria historioa berreraikitzeko eta gertatutakoaren egia aldarrikatzeko”.
Gainera, adierazi du Gernikan 1937an izandako gertaerak ez dagozkiola soilik bonbardaketa jasan zituen herriari: “Gertakari horiek memoria kolektiboaren parte dira. Balio horietan oinarritutako adierazpen batek oinarrizko bi printzipio sustatuko lituzke: pertsonaren eskubideen errespetu osoa eta gure iraganaren egia ezagutzeko eta zaintzeko eskubidea. Gobernuari eskatzen diogu adierazpen ofizial bat egin dezala, gertaerak gertatu ziren bezala aitortuz”.
Pedro Sanchezek, bere aldetik, atzo erantzun zion, eta alkateari onartu zion 1937ko apirilaren 26an Gernikak sufritutako bonbardaketa ezin dela ahaztu ez Espainian, ez Europan: “Gerra zibileko sarraski okerrenetako bat izan zen. Sarraskia kontu handiz planifikatu eta disenatu zuten izua eragiteko, defentsarik gabeko herri batean”.