Astrako babeslekuak bonbardaketaren lekukoen testigantzak batu ditu
Astrako babeslekuari buruzko post panelez osatutako erakusketa iraunkorra eta bunker barruko esperientzia prestatu ditu Gernika-Lumoko Udalak. Memoria historikoa berreskuratzeko erakusketa dela diote udal agintariek.
Gernikako bonbardaketaren ondoren, udalerriko eraikinen %95 suntsituta geratu ziren. Zutik gelditu ziren bakarren artean zegoen Astrako babeslekua, eta “bertan ezkutatu zirenen testigantzei esker”, oroimenerako gune izaten jarraituko du. Izan ere, bonbardaketaren 85. urteurrenean, memoria historikoa berreskuratzeko erakusketa antolatu du udalak.
roiektua udalak 2018an garatu zuen 11 panelez osatutako erakusketaren jarraipena da, eta bi jarduera nagusi ditu: Astra fabrikaren kanpoaldean dagoen babeslekuari buruzko post panelez osatutako erakusketa iraunkorra eta bunker barruko esperientzia.
Babeslekuari buruzko bost panelez osatutako erakusketa iraunkorra Xabier Irujo historialariak garatu du. Halaber, aterpearen barruan, apirilaren 26an gertatutakoa biziberritzea ahalbidetzen duen esperientzia bat sortu dute, Sebastian Uria eta Maria Olabarriaren testigantzak birsortuz. Lekuko hauek bonbardaketatik bizirik atera ziren bi herritar dira, eta horien euskarazko bertsioa Kirmen Uribek eta Onintza Enbeitak egin dute. Gaztelaniaz grabatzeko, bi gernikarren laguntza izan dute: Celes Pertika eta Mila Artetxe.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak hormigoizko eraikin horren barruan babestu ziren herritarren lekukotasunak kontatu ditu, Paco Garcia San Romanen testigantza kontatuz: “Ikaratuta eta lekurik barik igaro zituen bonbardaketak iraun zituen orduak. Babeslekutik atera zirenean hildako asko ikusi zituela esan zidan. Barrenkalen bizi ziren, baina ez zuten euren etxea han aurkitu”. Garciak bizi izan zuenaren antzeko hainbat historia entzun daitezkeela aitortu du alkateak, “Gernikak ahaztu ez dituenak eta ahaztu gura ez dituenak”. Herritarren eta herriaren historia direla adierazi du.
Gaineratu du memoria egia eta justizia bilatzeko “giltzarria” izateaz gain, gizartean kultura, identitatea eta indarkeriarik eza egituratzeko, indartzeko eta hedatzeko modua ere badela.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du bonbardaketak nazioarteko “zuzenbidearen urraketa nabarmenak” eta “gizatasun ezaren isla” izan zirela eta direla. Eta gaur egun Ukrainako hirietako babeslekuetan biztanleria zibila jasaten ari denaz akordatu da.
Hain zuzen ere, babeslekuak biztanleria zibilaren bizitzen defentsaren eta babesaren “sinbolo” direla dio, eta Astrako babeslekua bezalako tokiak berreskuratzetik eratorritako sentsibilizazio-lana eta balio demokratikoen sustapena “beharrezkoa” dela azpimarratu du: “Gerraren bidegabekeriak herri bat kolpatzen duenean, gazte guztiek euren kontzientzietan aldaketa bat sentitzeko erronka dugu”. Gaineratu du Gernika “memoria bizia” dela: “Etorkizuna da, etorkizuna inoiz baino gehiago”.