Kaltzada egoitzako langileek eta Emakumeen Nazioarteko Ligak jaso dituzte aurtengo Gernika Sariak
Pertsona ahulenen alde egin duten "lan nekaezinagatik" jaso dute aitorpena Kaltzada Egoitzako langileek. 2020ko Gernika Sariak ere banatu dituzte: Kids Gernikan eta Nazioarteko Bake Brigadek jaso dute aitorpena.
Kaltzada egoitzako langileek eta Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligak jaso dituzte aurtengo Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko aurtengo Gernika Sariak. Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jaso dituzte sariok.
Lizeo Antzokian bonbardaketaren 85. urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren baitan eman dira sariak gaur goizean. Egindako memoria lanketaren ondorioz, Gernika “bakearen sinbolo” dela esan du Jose Maria Gorroñok, eta munduko beste lurraldeetan gaur egun izaten ari diren gerrekin amaitzeko eskatu du. Ukrainako gerrari aipamen eginda, gerra bertan behera uzteko exijitu dio alkateak Errusiari: “Ukrainako gerraren aurrean diplomaziaren eta irtenbide baketsuen alde egiten dugu. Errusiako Federazioari eskatzen diogu erasoaldia amaitzeko, Ukrainatik alde egiteko eta Ukrainako subiranotasuna errespetatzeko”.
Pertsona ahulenen alde egin duten “lan nekaezinagatik” jaso dute aitorpena Kaltzada Egoitzako langileek. Izan ere, pandemiaren une zailenetan erantzun “finkoa” eman dute, eta pertsonekin konpromisoa erakutsi dute. Amagoia Isasi zuzendaritza taldeko kideak jaso du saria, eta eurentzat “ohorea” dela adierazi du.
1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan, adinekoak, haurrak eta karitateko alaba bat hil ziren Kaltzada egoitzan, eta ordutik, talde lanean zaindu dituztela egoiliarrak adierazi du Isasik: “Zaintzeak eta laguntzeak zer dakarren ikasi dugu, eta denbora horretan talde lanak duen garrantzia berretsi dugu. Kaltzada egoitzan talde lana beti izan da gure balioetako bat, eta pandemia garai honek azpimarratu du zaintza gauza integrala dela, egoitzari forma ematen diogun guztion batura dela, alegia”.
Langileen ustez, bakearen alde lan egitea babesgabeenak babesteko lan egitea da, baita kalteberenen aldeko elkartasunaren alde lan egitea ere. “Adinekoak izan dira zaurgarrienak pandemian, eta horregatik, 46 langilek egoitzan konfinatzea erabaki genuen”. Egun haietan erakutsi zuten egoitza osatzen duten guztiak direla zaintza lanaren ordezkari eta eredu.
Hala ere, lortu beharreko erronkak daudela onartu du Isasik, eta zaintzaren kulturaren alde egin behar dela nabarmendu du, bake-bide modura. “Zaintzaren kultura sustatzea beharrezkoa da axolagabekeriaren, arbuioaren eta konfrontazioaren kultura aldarrikatzeko”.
Feministen erantzuna.
Gernika-Lumoko Sare Feministak, pentsiodunek, Busturialdeko Neska Gazteek eta LAB sindikatuak Kaltzada egoitzako langileek egindako lanaren aitorpena “poztasunez” hartu dutela adierazi dute: Zaintza langileak funtsezkoak dira eta euren lanik barik bizitza bera ezinezkoa da. Hunkigarria da txalotzea eta egiten duten lanaren garrantzia goraipatzea”. Hala ere, sariez gain, neurri zehatzak behar direla diote, zaintza eredua eraldatzea “premiazkoa” delako.
“Denona eta denontzat” izango den zaintza aldarrikatu dute, eta horiek administrazio publikoek bermatu behar dituztela esan dute. Halaber, zaurgarrienak kalitatez zainduko duen Zaintza Sistema aldarrikatu dute, arreta duina eskaintzeko, “denbora gehiago” eskainiko duena: “Horretarako baliabideak eta inbertsioak ezinbestekoak dira”. Gernikan egoitza publikoa “errealitat bat” izatea gura dute: “Pasa gaitezen sarietatik ekintzetara: gure begiradei besteena gehiatu eta elkarrekin bidea egiten jarraitzeko”.
Emakumeen eskubideen alde.
Emakumeen eskubideak bermatzeko egindako lanagatik jaso du saria Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Elkarteak. Iritzi eta ikuspegi politiko desberdinetako emakumeak elkartzeagatik, gizarte baketsu eta justu baten alde lan egiteagatik, eta gizaki guztien berdintasun ekonomiko, politiko eta soziala defendatzeagatik jaso du saria elkarteak, baita prozesu ekonomiko eta politiko guztietan emakumeen parte hartze osoa eta berdina defendatzeagatik ere.
Joy Onyesoh elkarteko nazioarteko presidenteak hartu du saria gaur, eta aitorpena jasotzea “ohorea” dela dio. “1915ean sortutako munduko erakunde feminista gara, eta 107 urte beteko ditugu egun gutxi barru. Horregatik, ohorea da guretzako sari hau jasotzea eta hainbat urtetan egin dugu lana aitortzen duzuela jakitea. Emakumeen eskubideak nazioartean defendatzea da gure egitekoa, eta horretarako lanean ari gara orain ere”.
Bakea eta berraskidetzea bultzatzea euren helburu nagusietako bi direla aitortu du Onyesohk, eta horretan lan egiten jarraituko dutela adierazi du. Hori dela eta, gerren aurkako mezua eta armak alde batera uzteko eskaera egin du Gernikatik: “Ezetza adierazten diegu mota guztiei gerrei, eta ahotsa altxatzen dugu giza eskubideen defentsarako politikak eskatzeko. Bakearen aldeko politikak eta bake prozesuak bultzatu behar dira, eta emakumeen parte hartzea bultzatu behar dugu prozesu guzti horietan”.
2020ko sariak banatu dituzte.
Kids Gernikan izeneko nazioarteko proiektuarentzat eta Nazioarteko Bake Brigradak taldearentzat izan ziren Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko 2020ko Gernika Sariak, baina gaur jaso dituzte.
Bakearen aldeko artea lantzen duen Kids Gernika proiektua Toshifumi Abe, Tadashi Yasuda, Kaoru Mizuguchi eta Tom Anderson japoniarrek sortu zuten 1995an, Hiroshimaren aurkako eraso nuklearraren 50. urteurrenean. Nazioarteko haurrei Guernica koadroa oinarri duten mihiseak egiteko eskatu zieten,”txikienen artean bakearen kultura sustatzeko” helburuagaz, eta horretan diraute.
Bestalde, Bakearen Nazioarteko Brigadak Gobernuz Kanpoko Erakundea saritu zuten, giza eskubideak babesteagatik eta gatazkak indarkeria barik konpontzearen alde egindako lanagatik. Miriam Garcia Torres ordezkariak hartu du saria gaur eta “oso aitortza handia” dela eurentzat adierazi du: “Giza eskubideen babesaren alde egiten dugun lanari balioa ematen dio sari honek”.