Ina Robles aktibistak, ukrainar errefuxiatuek eta Pueblo de las viudas elkartekoek piztu dituzte sirenak
Lehenengoz piztu dute Pasealekuko sirena Gernika Batzordeko kide ez direnek, eta hunkituta hartu dute sirena pizteko ardura Sartagudako Pueblo de la viudas elkartekoek. Ukrainar errefuxiatuek eta Ina Robles izan dira Astrako sirena piztearen arduradunak.
Historiako patroi batzuk behin eta berriro errepikatzen dira. Gernika bonbardatu zutela 85 urte bete dira, baita Sartagudan errepresio bortitza jasan zutenetik ere, eta orain, Ukrainako hainbat herri eta hiri bonbardatzen ari dira. Gernika asko daude munduan, eta udalerrian gertatutakoa ez errepikatzeko eskatzeko eguna da gaurkoa. Hala ere, asko dira munduan aurki daitezkeen gerrak, eta horien aurrean ezetza adierazten duten norbanakoak, elkarteak, herriak edota herrialdeak, tartean Ina Robles suhiltzailea. Horiek izan dira, duela 85 urte Gernikan entzun ziren sirenen hotsak 85 urte beranduago berriro piztu dituztenak: Robles, Sartagudako Pueblo de las viudas elkartea eta Ukrainako errefuxiatuak.
Lehenengoz piztu dute Pasealekuko sirena Gernika Batzordeko kide ez direnek, eta hunkituta hartu dute sirena pizteko ardura Sartagudako Pueblo de la viudas elkartekoek. Elkarteko zortzi lagun etorri dira udalerrira, eta sentimendu berdina zeukaten guztiek, “emozionatuta” zeuden. Sartaguda eta Gernikako senidetzearen adibidea izan da.
Elkarteko presidente Maximo Martinezek azaldu duenez, “pozik” hartu dute gonbidapena: “Orain dela bi urte etortekoak ginen baina pandemiagatik ezin izan genuen etorri”. Goizean iritsi dira Gernikara, eta sirena piztu ostean hartu dute Sartagudako bidea; “bisita arina izan da. Lan eguna da bihar eta bidaia luzetxoa daukagu”.
Lobak beti saiatzen dira Gernikako historiarekin zerikusia duten norbait gonbidatzen, baina munduan gertatzen ari dena ere garrantzitsua da eurentzat. “Hasieratik jakin genuen ukrainarren ordezkaritza bermatu behar genuela. Bermeoko Izaro Subekoen bidaiaren berri izan genuenean, eurek sirena piztea erabaki genuen. Izan ere, gure aitona-amonak errefuxiatuak izan ziren”, azaldu du Maitane Uriarte taldeko kideak. Laguntza humanitarioari ere lekua egin gura zioten, eta aktibisten lana balioan jarri gura zuten.
Gernikan gertatutakoa ez du inon errepikatzerik gura Ina Robles suhiltzaileak. Hori dela eta, Bilboko Portutik Saudi Arabiara armak bidaltzen laguntzeari uko egin zion Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileak, eta “ilusio handiz” hartu du Lobaken Astrako sirena babeslekutik pizteko gonbidapena. “Ohorea da sirena piztu ahal izatea, batez ere gaur egun bizi dugun testuinguru honetan”, azaldu du Roblesek. Gerran dauden lurraldeak asko dira egun, eta asko dira horiek armez hornitzen dituztenak, eta horien aurka egin du Roblesek: “Ukrainan erabiltzen ari diren arma horietako asko Espainatik ateratzen dira, baita beste gerra batzuetan erabiltzen direnak ere, eta ez dut hori defendatuko edo babestuko”.