Historiari, memoriari eta legediari buruzko lehen kongresua hartuko du Gernikak
Lehen mailako 14 hizlari izango dira Elai Alai aretoan egingo den 'Gernika 85 urte. Memoria, legeria eta historiografia' izeneko lehen kongresuan.
Iraganeko gertaera traumatikoen biktimen eta narratiba tradizionaletatik kanpo geratu zirenen “memoria” diskurtso historikoan txertatzeko asmoz, Gernika 85 urte. Memoria, legeria eta historiografia izeneko lehen kongresua antolatu dute Gernikan; udala, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua dira batzarraren sustatzaileak. Lehen mailako 14 hizlari izango dira udalerrian, bihar eta etzi (apirilak 27 eta 28), Elai Alai aretoan egingo duten kongresuan.
“Kongresu honen beharrizana azken hamarkadetan egungo gizarteetan gertatu den fenomeno konplexuan oinarritzen da”, azaldu dute antolatzaileek, narratiba tradizionaletatik kanpo geratu diren ahotsak “hainbat” direla esanez. Hala, indarkeria politikoen biktimek egia jakiteko duten eskubideari buruzko “adostasun zabalak” ehundu dira, baita, “zailtasun handiagoz”, haien memoriari eusteko betebehar sozialari buruz ere. Hain zuzen ere, memoria horretan sakonduko dute eguazten eta eguenean udalerrian. “Testuinguru horretan, indarra hartu du belaunaldi gazteenei beren hezkuntzaren esparruan memoria –eztabaidatutako memoria– helaraztea beharrezkoa delako kontzientziak”, azaldu dute.
Helburu horri euren ekarpena egin gura diete ikertzaileek, eta bi eguneko egitaraua antolatu dute. Biltzarra publiko orokorrari zuzenduta egongo da, eta 14 ikertzaile ospetsu izango dira protagonistak; hala nola, Espainiako erregea ohiaren eta Francoren biografoa den Paul Preston; Espainiako historialari, ekonomilari eta diplomatiko ospatsua den Angel Viñas; Nevadako Unibertsitateko zuzendaria den Xabier Irujo eta Lourdes Herrasti irakaslea egongo dira.
Programaren barruan, Astrako babeslekuari balioa emateko proiektuaren aurkezpen ekitaldia egingo dute, bihar (apirilak 27). Bertan egongo dira Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea, Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Bertdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua eta Bingen Zupiria LKultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
Programa, egunez egun.
Eguaztena, apirilak 27.
09:00-09:40. Eusko Legebiltzarreko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Lege-proiektua. Hizlaria: Aintzane Ezenarro.
09:40-10:20. Memoria historikoa eta konpromiso instituzionala: Nafarroako Memoriaren Institutua. Hizlaria: Jose Miguel Gaston eta Cesar Layana.
10:20-10:30. Etenaldia.
10:30-11:10. Memoria guneen inguruko eztabaida. Hizlaria: Maider Maraña.
11:45. Astrako aterpea balioan jartzeko proiektuaren aurkezpena.
13:30. George Steerri buruzko aurkezpena. Antolatzaileak: Gernikazarra Historia Elkartea.
17:00-17:40. Exhumazioak, errepresioaren froga. 2000 eta 2021 bitarteko balantzea. Hizlaria: Lourdes Herrasti.
17:40-18:10. Memoria demokratiko eta publikoaren ibilbideak eta lekuak. Hizlariak: Joseba Agirreazkuenaga eta Unai Belaustegi.
18:10-18:20. Etenaldia.
18:20-19:00. Historiografia azientifikoa eta ahanztura historikoa. Gernikako kasua. Hizlaria: Xabier Irujo.
19:00-19:40. Francoren sorrerako mitoen inguruan. Hizlaria: Angel Viñas.
19:40-20:20. Holokausto espainiarra. Hizlaria: Paul Preston.
Eguena, apirilak 28.
09:00-09:40. Memoria legeak Catalunyan. Hizlaria: Queralt Solé.
09:40-10:15. Bonbaketak: Historiografia. Hizlaria: Joan Villarroya.
10:15-10:45. Memoria arma gisa? Hizlaria: Josep Maria Solé i Sabaté.
10:45-11:00. Etenaldia.
11:00-11:40. Memoriarako bidea(k) ikuspegi arkeologikotik. Hizlaria: Laia Gallego Vila.
11:40-12:20. Gernikako (1937) eta Bartzelonako (1938) bonbardaketak jatorrizko indarkeriaren erreferente gisa. Hizlaria: Antoni Segura i Mas.
12:20-12:30. Etenaldia.
12:30-13:30. Mahai ingurua: Erakunde publikoetatik memoria historikoa berreskuratzea.