Eusko Jaurlaritzak gerra guztien biktimei omenaldia egin die Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrenean
Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira 'Gernika, 85 urtez memorian bizirik' adierazpen instituzionala argitaratu du gaur Eusko Jaurlaritzak.
Gobernu Kontseiluan jorratutako gai nagusien errepasoa egin aurretik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Gernikako Bonbardaketaren 85. urteurrenaren harira onartu duten Gernika, 85 urtez memorian bizirik adierazpen instituzionala irakurri du.
Bertan adierazi denez, “Gernika gerraren krudelkeriaren eta giza sufrimenduaren sinbolo unibertsal gisa geratu da historiarako, defentsarik gabeko biztanleria zibilaren aurkako eraso bortitzenaren ikur”.
Zupiriak irakurri bezala, 85 urte igaro badira ere, “harriduraz eta larritasunez, eta historiatik ikasteko ezintasunaren erakustaldi dramatiko batean murgilduta”, munduan zehar beste Gernika batzuk egon direla eta badaudela onartu beharrean daude: “Europan bertan, Ukrainak eta bere hiri martiriek Gernika suntsitu zuen basakeria bera jasaten ari dira. Ildo horretan, ozen eskatzen da, beste behin ere, balio etiko, demokratiko eta gizatiarretatik abiatuta, bertan behera utz dadila milioika pertsona errugaberi heriotza eta sufrimendua eragiten ari den eraso armatua”. Ukrainako “herri eta erakunde legitimoei” elkartasuna adierazi diete.
Adierazpenean jaso dute Gernika “bi aldiz erasotu” zutela; lehenengo bonbekin eta gero bonbardaketa ukatzen zuten gezurrekin: “40 urte iraun zituen diktaduran, erbestean eta sufrimenduan zehar jasan behar izan ziren gezurrak”. Eusko Jaurlaritzaren adierazpenak Gernikako bonbardaketaren biktimei eta euskal herritarrei omenaldia egiten die, eta gertatutakoari buruzko memoria, duintasuna eta egia berreskuratzeko herri honek egin duen ahaleginari aitortza egin gura dio: “Halaber, eta duela 85 urte gaur egun bezala, gertatzen ari zenaren egia ezagutu ahal izatea posible egin zuen kazetaritza-lana eskertzea du helburu. Oroitzapen hura oinordetzan jasotzen dugun belaunaldiok eta ondorengo guztiek, etorkizuneko Euskadi eraikitzen jarraituko dutenek, gertatu zena ez ahazteko zeregina dugu. Berriro horrelakorik gerta ez dadin”.