Egiaren katea luzatzeko erakusketa
Duela 5 urte, bonbardaketaren urteurrenean, bonbardaketaren lekuko izan zirenen egia plazaratu guran, Lekuko erakusketa sortu zuen Gernikako EAJk Jose Labauria plazan. Aurten, 1937an Gernikako alkate zen Labauriak munduan zehar aldarrikatu zuen egiari katea luzatu diote, eta Lekuko II. Gernika bizirik erakusketa prestatu eta erakutsi dute.
Duela 85 urte, lau orduz aritu ziren nazional sozialista alemanak eta faxista italiarrak Gernika errausten eta herritarrak bonbardatzen. Euskaldunen arbolaren eta euskal askatasunen sinbolo den Gernika erraustu gura zuten, eta herriaren morala ahuldu. Horretarako, bonbardaketari buruzko gezur ofiziala zabaldu zuten, bonbardaketa ukatuz eta euskaldunak eurak izan zirela Gernikari sua eman ziotenak esanez.
Duela 5 urte, bonbardaketaren urteurrenean, bonbardaketaren lekuko izan zirenen egia plazaratu guran, Lekuko erakusketa sortu zuen Gernikako EAJk Jose Labauria plazan. Aurten, 1937an Gernikako alkate zen Labauriak munduan zehar aldarrikatu zuen egiari katea luzatu diote, eta Lekuko II. Gernika bizirik erakusketa prestatu eta erakutsi dute. “Duela bost urte egindako erakusketari jarraipena eman gura diogu”, azaldu zuten atzoko aurkezpenean antolatzaileek.
Erakusketan, 1937ko apirilaren 26ko suntsipenaren lekuko izan ziren pertsona zehatzen bizitza eta gorabeherak islatzen dira, ideologia desberdinetako bizilagunenak: Joseba Elosegi, Castor Uriarte, Odol ospitaleetako erizainak eta medikuak, Bonifacio Etxegarai, Elai Alai dantza taldeko amak eta umeak, eta bonbardaketaren lekuko izan zirenak. “Gerrak eta bonbardaketak markatuta utzi zituztenen bizitzak dira jaso ditugunak. Horiei guztien omenez eta bonbardaketaren biktima guztiei omenez egindako ekimena ere bada erakusketa”, adierazi zuten atzoko aurkezpenean. Halaber, nabarmendu zuten sarraskiaren egia salatu zuten guztien omenezko bilduma dela, baita urte batzuk beranduago euren lekukotza eskaini duten guztiekiko aitorpena ere.
Txara txara kultur taldearen ekimena da erakusketa, baina bildumaren eduki historikoa garatzeko Gernikazarra historia taldearen elkarlana izan dute. Alberto Iturriarte Gernikazarrako presidenteak dio euren helburua izan dela beti Gernikako eta Lumoko historia ikertzea eta zabaltzea, eta hori egin dutela erakusketa honetan ere: “Hasieratik zehaztu genituen ardatzak oraindik mantentzen ditugu: ikasteko apaltasuna eta erakusteko hurbiltasuna, informazio iturri anitzen erabilera ez partziala zabaltzea, Lumori eta Gernikari buruzko mito eta sineskeriak zorroztasunez aztertzea, eta, batez ere, egia historikoa ez estaltzea inoiz”.
EAJren sustapenez egindako erakusketa denez, Eduardo Vallejo uri buru batzarreko presidentea egon zen atzoko aurkezpenean, eta Lekuko II erakusketa udalerriko memoria historikoa mantentzeko “oso erakusketa garrantzitsua” dela adierazo zuen: “Gernika- Lumoko memoria historikoa mantentzeko oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Gernikako bonbardaketan izan ziren protagonistei omenaldia egitea eta hori mantentzea. Eurekiko aintzatespena da hau”.
Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok memoria historikoa kalera ateratzearen beharra azpimarratu zuen: “Gernikak ez dauka alde zaharrik, eta horregaitik esaten dut, gure herriak duen ogasun handiena memoria historikoa dela. Eta gure lana, memoria historiko hori kalera ateratzea da, jendeak ezagutu dezan”.
Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak, bere aldetik, erakusketa 1937ko apirilaren 26 hartan gorrotoaren lekuko izan zirenen omenaldia dela esan zuen: “Gernikako herritar horiek gogoratu eta omendu gura ditugu. Eurek izan ziren, euren testigantzekin, gertatu zena azaleratu zutenak, eta transmisio hori balioan jarri gura dugu”.
Gernikan gertatutakoa ez zela inoiz errepikatu beharko dio, baina gaur egun mundu zabalean dauden gerrak aipatu eta horiekin amaitzeko eskatu zuen: Palestinan, Mozambike, Siria, Turkia… “Horietan guztietan, gernikarrek duela 85 urte sufritu zutena bizitzen ari diren pertsonak daude. Horregatik, sufritzen ari direnekin bat egin behar dugu, eta bakea transmititzeko lan egin behar dugu”.