Udaltzaingoak oinezkoen segurtasunari buruzko kanpaina abiarazi du
Oinezkoak inplikatuta dauden istripu kopurua murriztea dute asmo; horretarako, kontrol bereziak egingo dituzte herriko leku desberdinetan.
Bermeoko Udaltzaingoak oinezkoen segurtasunari buruzko kanpaina abiarazi du gaur. Hala, jakitera eman dutenez, maiatzaren 1era bitartean hainbat arau hausteri buruzko kontrola indartuko dute. Helburua da, oinezkoak inplikatuta dauden istripu kopurua murriztea. Horretarako, herriko leku desberdinetan kontrol bereziak egingo dituztela azaldu dute.
Besteak beste, semaforoak eta zebrabideak errespetatzen direla begiratuko dute; bai gidarien eta baita oinezkoen aldetik ere. Gainera, gidatzerakoan telefono mugikorra, GPSa edo arreta galtzeko arriskua sortu dezaketen gainerako elementuak erabiltzen ez direla “arreta bereziz” begiratuko dutela jakinarazi dute.