Preso errepublikarrek sortutako trenbidearen historia gogoan, presorik gabeko herria aldarrikatzeko
Nondik datozen ezagutu zuten, presorik gabeko Gernika eraikitzeko. "Duela 85 urte presoak baziren Gernikan, eta gaur egun ere, konpondu bariko gatazkaren ondorioz, presoak daude. Eta guk presorik gabeko Gernika baten eraikuntzaren aldekoak gara".
Preso errepublikarrek berreraikitako trenbidea ardatz hartuta, oroimen ibilbidean batu ziren 50 lagun, zapatuan, Gernika-Lumon. Nondik datozen ezagutu zuten, presorik gabeko Gernika eraikitzeko.
Sare Gernika-Lumok antolatuta, preso errepublikarrek berreraikitako trenbidean barrena sartu ziren udalerriko tren geltokian. Lilibertsoko bertsolariek bertsoak bota zituzten lehenengo, eta familia argazkia egin zuten gero, preso errepublikarren argazki batekin.
Handik Pasealekura joateko bidea hartu zuten, baina Merkurion egin zuten geldialdia. Preso errepublikarrek trenbidea berreraikitzeko egin zuten lana plazaratu zuten han, eta hori azaltzeaz gain, Edorta Jimenez idazlearen Azken fusila liburuaren pasarte bat irakurri zuten: “Preso errepublikar haietako bat Jimenezen senidea zen, eta hari eskainitakoa liburua da Azken fusila“.
Pasealekuan, Josu Barandika Sareko kideak trenbidea berreraikitzen zeuden presoei buruzko bere testigantza kontatu zuen: “Bermeotarra jaiotzez, haurra zela preso errepublikarrak ikusi zituen trenbidean lanean, eta horien bizi baldintzez eta errealitateaz hitz egin zuen. Kontatu zigun zelakoak ziren bizi ziren etxeak, zelan behartzen zituzten lan egitera, eta zelako egoeretan bizi ziren”.
Presoak gaur egun.
Nondik gatozen ezagutzeko ibilbidea izan zen zapatukoa, baina gaur egun ere presoak daudela gogorarazi zuten: “Duela 85 urte presoak baziren Gernikan, eta gaur egun ere, konpondu bariko gatazkaren ondorioz, presoak daude. Eta guk presorik gabeko Gernika baten eraikuntzaren aldekoak gara, horren alde lan egiten dugu”.
Atzera begiratu zuten, eta duela 85 urteko presoak gatazka baten ondorioak zirela azaldu zuten, gaur egungoen modura: “Paralelotasunak ikusten ditugu duela 85 urteko eta gaur egungo presoen egoeren artean, testuinguruak errespetatuta betiere. Konpondu gabeko gatazka bat dago oraindik eta presoen bizi baldintzak okerrak dira”. Horregatik, presorik gabeko Gernikaren eraikuntzaren alde lan egiteko prest daude Sarekoak, eta oroimen ibilbidearen bitartez hori zabaldu dute.