Lokalbide programak jarraipena izango du aurten ere
Lehenengo urteko arrakasta ikusita, jarraipena ematea erabaki du Bermeoko Udalak. Diru laguntza eskatu gura dutenek, azaroaren 15era arte egin ahalko dute.
Lokalbide programaren bigarren urtea izango da aurtengoa. Iaz programak izan zuen arrakasta ikusita, Bermeoko Udalak programari jarraipena ematea erabaki du. Hala, jakitera eman dutenez, aipatu programaren baitan ematen dituzten diru laguntzak eskatu gura dituzten pertsonek, azaroaren 15era arte egin ahalko dute.
Gogorarazi dutenez, Lokalbide programak bi helburu nagusi ditu: Alde Zaharra dinamizatzea eta ekintzailetza bultzatzea. Hala, programa horren bitartez, udalak Alde Zaharreko lokal hutsak identifikatu ditu, jabeei programara atxikitzeko proposamena egin die eta atxikitutako lokal hauek ekintzaileen eskura jarri ditu, euren negozioak bertan garatu ditzaten. Udalak, hortaz, bitartekaritza lana egin du, jabeei euren lokalak alokatzeko laguntza eskainiz eta ekintzaileei negozioak zabaltzeko edo bertara mugitzeko aukera eta laguntza ekonomikoa emanez.
Hori guztia lortzeko eta negozioak Alde Zaharrera eroateko interesa pizteko, Bermeoko Udalak 36.000 euro bideratu ditu diru laguntzetara. Laguntzak ekintzaileei ematen zaizkiela gogora ekarri dute, eta alokairuaren zati bat ordaintzera bideratu behar direla aipatuta. Onuradunek, gehienez, 3.600 euroko diru laguntza jasoko dute, 300 euro hilabete bakoitzeko.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du “oso pozik” daudela programagaz, eta “arrakasta handia” izan duela gaineratu du: “Oso garrantzitsua da martxan jartzen diren politikek herrian eta herritarrengan zuzeneko eragina izatea. Programari esker hainbat negozio zabaldu dira Alde Zaharrean eta hori benetan poztekoa da”.
Berriro ere, Alde Zaharrean lokal hutsak dituzten jabeak programa horretan izena ematera gonbidatu dituzte; “posible da denbora luzez zarratuta egon diren lokalak berriro zabalik ikustea”. Aurten, gainera, iaz ez bezala, lokalek ez dute zertan metro kuadro minimo batzuk eduki behar.
Bestalde, ekintzaileak ere Lokalbiden izena ematera gonbidatu dituzte. Iaz bost negozio zabaldu ziren eta aurten ere programak arrakasta berdina izatea espero dutela esan du alkateak: “Posible da buruan daukaten ideia hori gauzatzea”.