Gaztelugatxe zabalik dago berriro
Uhartera iristeko bidea zabaltzeagaz batera, edukiera mugatu dute. Egunean, gehienez, 1.462 bisitari sartu ahal izango dira.
Mendi magala egonkortzeko egiten ari ziren lanak amaituta, berriro ere zabalik dago Gaztelugatxerako bidea. Hala, baseliza dagoen gunera igotzeko aukera dago berriro, gaurtik.
Uhartera iristeko bidea zabaltzeagaz batera, edukiera mugatu dute. Orain arte uhartera sartu ahal ziren bisitarien kopurua “handitu” egin da, pandemiak ezarritako edukiera murrizketak kendu ondoren, baina bisitarien gehieneko kopuru bat ezarri dute. Eremu babestuak kudeatzen dituzten erakundeak batzen dituen Ecoparc Europako erakundearen txostena oinarritzat hartu dute gehieneko bisitari kopurua ezartzeko orduan. Hala, egunean, gehienez, 1.462 bisitari sartu ahal izango dira: “Gehieneko edukierari esker orekatuta geratuko dira Gaztelugatxek duen interes turistikoa eta haren ingurumen babesa”, esan zuten aldunditik ohar baten bidez. Halaber, bertara doazen pertsonak “seguruago” egongo direla uste dute.