Errefuxiatuen joaneko bidaiak, lehen eta orain
Cecilia Zabaletak Winnipeg itsasontzian 36ko gerratik ihesi Txilera joan zen aitona Antonio Zabaletaren bidaia kontatu du 'Joaneko Txartela' erakusketan. Irailaren 14ra arte ikusgai egongo da Gernika-Lumoko Bakearen Museoan. Lekukotzetatik abiatuta, dokumentuak eta pasarteak batu ditu Zabaletak. Gernikako bonbardaketatik abiatzen diren errelatoak dira jaso dituenak.
“Kritikak ezabatu dezala ene poesia guztia, nahi badu. Baina gaur gogoan dudan poema hau ezin izango du inork ezabatu”. Berba horiekin laburbildu zuen Pablo Neruda poeta txiletarrak berak abian jarri zuen laguntza humanitaroa: Winnipeg itsasontziaren bidaia. 36ko Gerra amaitu eta frankismotik ihesi zihoazen 2.200 errefuxiatu baino gehiago toki segurura eramateko bidaia izan zen, Frantziako Trompeloupeko portutik abiatu eta Valparaisora (Txile) 1939ko irailaren 3an iritsi zena. Itsasontzian bidaiatu zuen Antonio Zabaleta bermeotarrak, gerratik ihesi, eta haren biloba Cecilia Zabaletak aitonaren bidaia kontatu du Joaneko Txartela erakusketan. Irailaren 14ra arte ikusgai egongo da Gernika-Lumoko Bakearen Museoan.
Hizkuntza bisual eta artistikoa baliatuz, oroimen migratzaile, lurgabetu eta iraunkor baten ibilguetan barrena nabigatzera joateko proposamena da erakusketa, migrazioa, deserrotzea, bilaketa, elkartasuna, erresilientzia, bizitzaren balioa eta bakerako grina batzen dituena. “Lan hau ezinegon propio batetik sortu da, baina istorio kolektibo bat da. Erakusketak memoria historikoaren lanketa, Gernikako bonbardaketa, 36ko gerra eta erbestea jorratzen ditu, baita giza sufrimendu horretan giza elkartasunetik sortzen den itxaropen argia izan zen Winnipeg ontziaren ailegaera ere”, azaldu du Zabaleta artistak.
Laginean hainbat lengoaiak bat egiten dute, “memoria berreraikitzea” bilatzen dutenak. Lekukotzetatik abiatuta, dokumentuak eta pasarteak batu ditu Zabaletak. Gernikako bonbardaketatik abiatzen diren errelatoak dira jaso dituenak: “Aitona erresistentziaren parte aktiboa izan zen, 16 urte zituenean 36ko gerran parte hartu baitzuen. Bermeon bizi zen, eta 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu zutenean, udalerrira joan zen gorpuak erreskatatzen laguntzera”. Bonbardaketaren ostean, euskal anarkisten taldean sartu zen, “frankismoari aurre egiteko”. Gerra amaitu zenean, baina, Frantziara joan zen eta Pirinioetako bidea egin behar izan zuen horretarako. Aitonaren historiaren atal hori ere jasota dago erakusketan, collage desberdinen bitartez. “Frantzian preso hartu zuten, eta kontzentrazio eremu batean egon zen, bizi baldintza oso okerretan. Handik ihes egitea lortu zuen, eta Txilerantz abiatu zen”, azaldu du artistak gaur.
Aitonaren historia lantzea ez dela erraza izan onartu du: “Ez da batere erraza izan aitonaren garai hartako argazkiak, dokumentuak eta agiriak aurkitzea. Nik daukadan guztia hemen dago. Aitonaren historia berregiteko saiakera da hau, familiaren tesigantzetatik sortua eta urte haietako erregistro ofizialetan oinarrituta dagoena, batez ere argazkietan eta kontaeretan”. Kontaketa intimoena bere amona Isabelena izan dela aitortu du, eta azpimarratu du amonak “altxor” baten modura gorde zuela bere senarraren historia: “Izan ere, aitonari oso zaila egiten zitaion garai haietaz berba egitea. Samina barru-barruan eraman zuen. Beste batzuek ere ez zuten inoiz kontatu euren bizipena, baina bazeuden berba egitea erabaki zutenak ere. Hala ere, errelatoak eta dokumentazioa aurkitzea ez da kontu erraza izan”. Historia bizipenez beteta dagoela dio Zabaletak, “garai bateko gertaerez edota arbasoek bizitakoez”.
2014an abiatu zuen gaur Gernikan aurkeztu duen lana, eta beretzat oso “esanguratsua” izan da erakusketa udalerrian aurkeztea: “Niretzat oso esanguratsua da hemen egotea, izan ere, Gernikako museoa leku enblematikoa da oroimena berreskuratzeko lanean eta giza eskubideen eta bakearen sustapenean”.
Izaskun Arriaran Itsas Salbamendu Humanitarioko lehendakariak dio erakusketak gaur egungo errealitatea gogoratzen diola: “Niretzako oso hunkigarria da Antonioren historia entzutea, batez ere, azken erreskatean batutako 176 errefuxiatuen historia gogorarazten didalako”.
Aita Mari ontziko erizaina da Arriaran, eta duela 80 urteko historia eta gaur egungoa antzekoak direla adierazi du: “Oso antzerakoak dira guk ikusten ditugun historiak. Azken erreskatea oso gogorra izan zen, izan ere, 176 pertsona erreskatatu genituen, tartean 52 adingabe. Antoniok Pirinioetan egindako bidea, basomortuan egin dute orain errefuxiatuek, Libiara iristeko. Bide hori ere oso gogorra da, baita Europara ailegatzerakoan izaten dutena ere. Izan ere, Europako politika migratzaileak eraginda, bidaia arriskutsuak hartu behar dituzte. Eszenatoki desberdinak dira, baina historia oso antzekoak”.
Maiatzean berriro Aita Mari ontzia berriro itsasoratzea espero dutela adierazi du, Libia eta Italiako uretara joateko.