Loitiagako ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektuari lehentasuna eman dio Nabarnizko Udalak
763.945,10 euroko udal aurrekontua onartu du Nabarnizko Udalak, eta 231.999,09 euro bideratuko ditu inbertsioetara. Loitiagako egur parkea sortzea, Loitiagako ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua bultzatzea eta pilotalekuko instalazio fotoboltaikoa aldatzea bultzatuko dute.
Nabarnizko Udalak 763.945,10 euroko udal aurrekontua onartu zuen otsailaren 23ko osoko bilkuran, eta diru sail horretatik 231.999,09 euro bideratuko ditu inbertsioetara.
Diru sail horrekin hainbat proiektu bultzatuko dituzte, tartean, Loitiagako egur parkea sortzea, Loitiagako ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektua bultzatzea eta pilotalekuko instalazio fotoboltaikoa aldatzea.
Loitiagako egur parkea egitea izan da aurtengo aurrekontuko inbertsiorik handienetako bat, 85.000 euroko kostua daukalako. Obra hori egiteko, baina, Jaurlaritzaren 72.508,09 euroko diru laguntza jaso du udalak. Egur parkegaz, egurraren zamaketa eta hustuketa lanak erraztea bilatu dute udal ordezkariek, egurra bertan uzteko parkea baita egokitu dutena, dagoeneko ia prest dagoena.
Loitiagako ingurua leheneratzeko eta birlandatzeko proiektuagaz, egoera txarrean dagoen eremu bat leheneratzea eta bertako biodibertsitatea sustatzea bilatuko dute, birsorkuntza naturalaren bidez; hau da, flora inbaditzailearen tratamenduaren eta landaretzarik gabeko eremuetan landaketak eginda.
Izan ere, gaur egungo inguru horren egoera ez da ona: “Esku hartzeko eremua bat dator Loitiagako zabortegi zaharrarekin eta ondoan duen malda handiko mendi hegalarekin. Zabortegi horrek hainbat udalerritako hondakinak biltzen zituen lehen, eta ingurua ez dago egoera onean. Eremu batzuetan landaretza falta da, eta beste batzuetan, baso mistoaren ezaugarri diren zurezko espeziekin nahasten den flora inbaditzailea dago. Izurketa batzuk ere daude”.
Hori dela eta, proiektuaren helburu nagusiak dira inguruko natura ondarea babestea, kontserbatzea eta lehengoratzea, baita naturgune babestuak zaintzen laguntzea ere. Flora inbaditzailearen presentzia gutxitzea eta biodibertsiotatea kontserbatzen laguntzea bilatuko dute, baita biodibertsitatearen kontserbazioa erabilera sozial jasangarriarekin bateragarria izatea ere. Espazioak berreskuratzearen eta zaintzearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzea aurreikusi dute udal arduradunek.
Helburu horiek betetzeko, espezie autoktonoen baso misto baten garapena bultzatuko dute. Baso horrek lagunduko du inguru horretako lurzorua egokitzen eta ura atxikitzen; aldi berean, eremuan biodibertsitatea areagotzea eta tokiaren ikusizko pertzepzioa bultzatuko du. “Ez da ohiko leheneratze prozesu bat, biodibertsitatea mantentzea da asmoa, bertokoak ez diren arbolak kendu, lurra garbitu, berreskuratu eta bertako biodibertsitatea bermatuko baita”, azaldu dute udal ordezkariek.
Proiektuarena aurrekontua 53.000 eurokoa da, eta aurton egitea aurreikusi dute. Agintariek zehaztu dute 40.888 euroko diru laguntza jaso dutela proiektua gauzatzeko.
Frontoiko argiztapena.
Nabarnizko herriko frontoiko argiztapena ere aldatuko dute, eraikinaren teilatuan plaka fotovoltaikoak jarriz. Hala, eraikinaren argindar kontsumoaren zati bat eguzki energiaren bidez jasoko dute nabarniztarrek. Era berean, argindar kontsumoaren sarera ere konektatuko dira planak, eguzki moduluek sortutako energia gutxi denean, energia saretik hartu ahal izateko, orain arte modura.
Zehaztu dute plaka horiek partekatutako autokontsumoa ahalbidetzen dutela; hau da, 500 metroko erradioaren barruan dauden eraikinak instalazio berdinera konektatzeko aukera eskaintzen du.
Pilotalekuko instalazio fotoboltaikoa jartzeak 35.000 euroko kostua dauka.
Inbertsio horiez gain, ohiko gastuetarako diru saila gorde dute. Izan ere, emakumearen arloko ekintzak bultzatzeko 9.700 euro aurreikusi dituzte, eta klima aldaketara egokitzeko eta hori gutxitzeko plan integrala egiteko, berriz, 6.050 euro. Euskara bultzatzeko ekimenek 17.500 euroko aurrekontua izango dute.
Herriko jaiei dagokienez, kultur ekintzetarako 9.000 euroko diru saila gorde dute, eta jaiak antolatzeko 10.000 eurokoa. Jai batzordeak, berriz, 9.000 euroko diru saila izango du.
Ohiko gastuetan, gainera, udal eraikinen mantenua edota langileen soldatak ere sartzen dira, beste hainbategaz batera. Halaber, jaiotako ume bakoitzeko 600 euroko diru laguntza ematen du Nabarnizko Udalak.