Izena eta izana jarri diete Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarrean hildako 269 presoei
Gernikazarra Historia Taldeak eta Pipergorri Kultur Alkarteak 1938-1940 Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra liburua argitaratu berri dute, bi ataletan banatuta, eta atzo aurkeztu zuten kultur etxean.
Memoriaren hilabetea da apirila Gernika-Lumon, eta memoria historikoaren lanketan beste pauso garrantzitsu bat egin dute Gernikazarra Historia Taldeak eta Pipergorri Kultur Alkarteak. 1938-1940 Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarra liburua argitaratu berri dute, bi ataletan banatuta, eta atzo aurkeztu zuten kultur etxean. Bertan izan ziren, ospitale militarrean hildako presoen familiak ere; Asturiasetik, Kataluniatik edota Bizkaiko beste herrietatik hurbildu ziren.
Gernika-Lumoko memoria historikoa bonbardaketatik haratago landu beharreko kontua dela dio Jose Angel Etxaniz Txato Gernikazarrako kideak: “Guk ospitalea zegoela jakin eta bertakoen izenak jaso besterik ez genuen egin, baina Pipergorrikoek egindako ikerketa lan sakonaren ondorioz, konta dezakegu Gernikan zer gertatu zen. Gernikako memorian existitzen ez den gai mingarri honi duen garrantzia eman diogu”.
Gernikarren memoria historikoan beste pauso bat eman izana espero du Amagoia Lopez de Larruzea Pipergorriko kideak: “Gernikarren memoria historikoan beste pauso bat eman izana espero dugu, baita errepublikari eta errepresioari buruzko gaietan ere. Gerrak min asko sortarazi zuen, eta hildako asko eragin”.
Hain zuzen ere, 1938tik 1940ra bitartean Gernikako ospitale militarrean benetan gertatu zena jakitea da bilatu dutena, ahalik eta datu gehienak biltzea, eta orain arte dagoen ezagutza zabaltzea. Halaber, biktimen familien errehabilitazio soziala eta etikoa sustatu gura dute, gertatutakoak zauri handiak eragin zituelako, gainditu beharreko trauma asko, alegia. “Urte hauetako ahanztura bidegabe eta interesatua hautsi gura dugu. Liburua memoria lantzeko ekarpen bat gehiago da”, azaldu du Lopez de Larruzeak. Liburuan jasotakoa Gernikako memoria dela dio, “Gernikako memoriaren beste atal bat”, eta herriko memoria kolektiboaren parte izatea gura dute.
Bi zatitan banatutako liburua da: Gernikan hil eta 269 preso in memoriam. Gernikazarrako Etxanizek eta Vicente del Palaciok egin dute lehena, eta Lopez de Larruzeak eta Iñaki Uribarrenak bigarrean. Lehen ikerketak zelan eta zergatik egin zituzten kontatzen dute Gernikazarrakoek, eta 269 presoak identikatu dituzte Pipergorrikoek.
269 preso in memoriam.
Ospitalean hildakoak zenbatu dituzte, baina horiei merezi duten balioa eman gura izan diete Pipergorriko kideek. “Pertsonen garrantzia duindu nahi izan dugu. Guretzat garrantzitsuena zen hildako preso kopurua zehaztea, baita pertsonak behar bezala identifikatzea ere; izan ere, datu-base batean sartu behar badira –hori da asmoa–, datuak dokumentatuta eta behar bezala idatzita egotea nahi dugu”, zehaztu dute.
Lana gehien gizatiartzen duena, baina, presoen familiak ezagutzeko aukera eduki izana izan dela diote egileek. Ezin izan dira 269 familiarekin harremanetan jarri, baina 30 ingurugaz berba egin dute: “Batzuk bazekiten haien familiakoei zer gertatu zitzaien, baina beste batzuek ez”.
Izena eta izana eman diete, hildakoen errelatoa jaso dute. 60 errelato txiki idatzi dituzte, familiakoek kasu batzuetan eta Pipergorrikoek beste batzuetan. “Guzti hori familiakoek erraztutako argazki eta gutunen bitartez egin ahal izan dugu. Ez da zerrenda bat bakarrik, pertsonak dira, eta eurek nortzuk ziren jasotzea zen garrantzitsuena”, diote.
Bertan egon ziren presoen familiako kideak, tartean, Ainara Gabikaldekoa, Martin Gabica-Aldecoa Idarragaren senidea. Ospitalean 20 bizkaitar hil ziren, eta nabarniztarra izan zen horietako bat. “Gerra zibilean Martin gudaria izan zen Ariztimuño batailoian. Preso hartu zuten, eta Logroñon edo Burgosen preso egon ondoren, Gallartako meategietara bidali zuten. Eta gosearen, hotzaren eta lan baldintza gogorren ondorioz, Gernikara bidali zuten. Familian garai horretan idatzitako 5 gutun gordetzen dira, balio handikoak; Martinek presoek bizi zituzten baldintza gogorrak deskribatu zituen, eta familiarekiko interesa agertzen zuen. 26 urte zituela hil zen, eta kontaktu batzuen ondorioz, familiak gorpua Nabarnizera eraman ahal izan zuen, eta bertan lurperatu zuten. Amaiera duina bizitza gogor baten amaierarako”, kontatu zuen Gabikaldekoak.
Ruperto Lopez Menendezen ahaidea den Teresa Lopez ere izan zen atzoko agerraldian. Bere osaba Espainiako armadako soldadua izan zen, Euskal Herriko batailoi batean borrokatu zuena. Garaileek atxilotu zuten, eta Asturiasko kontzentrazio eremuan egon ondoren, Gernikara eraman zuten gero, bere familiakoek bere arrastoa galdu zuten arte. Tuberkulosiak jota hil zen, 23 urtegaz. “Diktadurak ezarritako isiltasunak eragotzi egin zuen nire amonak bere semearekin zer pasatu zen jakitea. Sinesten zutenagatik hil zirenen oroimenaren errebindikazioa irudikatzen zaigu liburu hau”, adierazi zuen Lopezek.
Antonio Muntionen familiakoek uste zuten euren senidea fusilatu egin zutela, baina otsailean konturatu ziren ezetz. “Pentsatzen genuen gure aitona frontean fusilatu zutela. Baina horrenbeste urte eta gero, ohartu gara ez zela fusilatua izan, preso hartu eta Burgosera eraman zutela baizik, ostean udalerrira ekartzeko. Ezusteko bat izan zen guretzako. Ezjakintasunean bizi izan gara”.
Elena Galofrek eta Alazne Atxurrak ere euren senideen esperientzia kontatu zuten, liburuaren egileei egindako lana eskertzeaz gain.
Pipergorrikoek zehaztu dute jatorrizko erregistro zibilen edo bake epaitegiaren jaiotza aktak erabili dituztela dokumentazio lana egiteko, eta presoen izenak %95ean zerrendatu dituztela. Beste izen-abizenekin zalatza eduki dute, datuak ondo emanda ez daudelako edota jatorrizko artxiboak galduta daudelako.
Hildakoen % 76 biriketako tuberkulosiak jota hil ziren, sukar tifoideoak jota, berriz, % 7,81. “Carlos Cubero forentseak esan zigun horietako gaixotasun horietako batzuez bakarrik ezin zirela hil, eta beste gaixotasun batzuk izango zituztela”, adierazi du Lopez de Larruzeak, baina ez dago hori jasota. Eugenio Pazos de Diego ospitaleko zuzendari eta medikuak sinatu zituen heriotza aktak.
Nabarmendu dute gerra garaian 103 preso hil zirela, eta gerraostean %61. “Nafarroakoak, Balear Uharteetakoak eta Canariasekoak salbu, alde guztietako jendea egon zen, baita nazioarteko hiru brigadista ere”. Lehen hildakoa izan zen Ramon Quintana Sola eta azkena Benito Fernandez Gonzalez.
Lehenengo ikerketa.
Pipergorrikoen aurretik, Gernikazarrakoak izan ziren Gernikako Gerra Presoen Ospitale Militarrari buruzko lehen ikerketak egin zituztenak. Txato Etxanizek dio 2001ean hasi zirela ikertzen, Gernikako parrokiako hildakoen liburuetan Gernikan hildako gisa inskribatutako pertsonen kopurua gehiegizkoa zelako. “Ikertzen hasi ginen, eta inork ez zekien ezer. Oso arraroa egiten zitzaigun dena. Parrokiarekin hitz egin genuen, eta gure harridura izan zen 265 pertsonako zerrenda batekin topo egin genuela. Ordenagailu batekin joan ginen eta izen-abizen guztiak erregistratu genituen. Gaizki egin genuen, eskuz idatzita zeudelako eta ez genituelako izenak ondo interpretatu. Hala ere, informazioa bildu eta Gernikako jendearekin hitz egiten hasi ginen”, kontatu dute.
Etxanizek esan zuen trenez hurbiltzen zituztela gehienak, “oso gaixo”, eta ezkutuan. “Agustindarren ikastetxera eramaten zituzten, 1893an eraiki zen konentura. Instalazio zabalak zituzten, baina 600 pertsona hartzen zituztenez, ez zegoen guztientzako ohe nahikorik”, azaldu zuen.
Hainbat datu jaso zituzten, baina garai haretan ez zitzaion gaur egun ematen zaion garrantzia ematen memoria historikoari. “Memoria historikoa berreskuratzeko elkartea sortu berria zen, eta gai horiek guztiak geldirik zeuden oraindik. Gainera, Gernikako Udalean ez dago 1937tik 1962ra arteko dokumentaziorik; momentu batean erabaki zuten dokumentazio hori Alhondigara eramatea, eta etxebizitzak egin zituztenean denak bota zituzten Nabarnizko zabortegira. Dena galdu zen”. Datuak publikatu zituzten Aldaban, eta hitzaldiak eman zituzten, baina ez zuten ezer gehiago jakin 2008an presoei omenaldi bat egin zitzaien arte. “2017an jakin genuen 36ko gerra amaitu ondoren, euskaraz zegoen guztia eta euren ustez gorriena zena hilerritik kendu eta botatzea erabaki zutela. Hobi batean sartu zituzten denak, eta gaur egun badakigu non dauden”, gaineratu dute.