Joanes Goitisolo, Espainiako taldekako erlojupeko txapeldun
Alusigma taldeko atleta gernikarrak, bere taldekideekin batera, Espainiako taldekako txapelketa irabazi du Alcobendasen, 57'7ko denbora eginda.
Alusigma duatloi eta triatloi taldeak garaipena eskuratu zuen, iragan domekan, Espainiako taldekako erlojupeko txapelketan. Alcobendasen [Madril] lehiatutako lasterketako parte-hartzaileek hiru sektore gainditu behar izan zituzten. Lehenengo eta behin, bost kilometroko korrikaldia; ondoren, hogei kilometroko txirrindularitza trantsizioa; eta, amaitzeko, bi kilometro eta erdiko beste lasterkaldi bat. Talde bakoitzak sei partaide aurkeztu ahal izan zituen gehienez, eta horietako laugarrenak eman zion azken denbora taldeari.
Goitisolo Gernika-Lumoko duatletak azaldutakoaren arabera, domekako probako bere eginbeharra bizikleta gaineko tartean nabarmendu zen: “Lehendabiziko korrikaldia taldekide guztien artean egin genuen, eta txirrindularitzako zatian, aldiz, bi partaideren artean hartu genuen lanaren ardura dena, horietako bat ni neu”. Gainontzeko kideak, beraz, gurpilean babestuta eroan zituen Goitisolok, “beraiek ere azken korrikaldia freskoago egin zezaten”.
Alusigma taldeak emaitza ona erdietsi zuen lehen korrika saioaren amaieran; bigarren denborarik bizkorrenagaz hasi zuten txirrindularitza tartea. Bigarren sektore horretan, gainera, denbora partzialak hobetu eta hobetu besterik ez zituzten egin, eta, ondorioz, azken trantsiziora “errenta politagaz” iritsi ziren. Alusigma taldeak 57’7ko denbora behar izan zuen; beren ostean, Isbylia taldea sailkatu zen bigarren, 57’52gaz; podiumam Fluvialek osatu zuen, 57’58ko denbora eginda.