Lehenengo finala galdu dute basurdeek
Ohorezko Mailaren 15. jardunaldian, Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak 14 eta 20 galdu du Ciencias Enersideren kontra. Mailari eusteko bi finaletako lehenengoa izan den horretan, Urbieta betetzeko deia egin zuen klubak, eta zaleek erantzun bikaina eman dute.
Ohorezko Mailaren azkenaurreko jardunaldian lau puntu baino askoz gehiago zegoen jokoan Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearentzat. Mailari eusteko bi finaletakoa lehenengoa izan zen atzokoa [apirilak 10], baina talde gernikarrak 14 eta 20 galdu zuen Ciencias Enersideren kontra, Urbietan. Irabaziz gero, sailkapen orokorrean aurkari zuzen eta nagusiena duen C.R. La Vilaren aurretik ipiniko zatekeen, baina ezinezkoa izan denez, azken postuan segitzen du, 13 puntugaz.
Klubaren ordezkariek esan dutenez, mailari eusteko lehian “azken hitza esateko” dago oraindik, eta taldeak lanean jarraituko du azkenengo jardunaldian zaletuei garaipena eskaintzeko helburuarekin. Ligako azken jardunaldia bi aste barru lehiatuko dute etxean, SilverStorm El Salvador liderraren kontra.
Peio Urrutia Gernika RTren jokalariak atzo esan bezala, asko sufritu zuten: “Lehenengo minututik gogor sartu gara. Hasieran apur bat sufritu dugu, baina aurrera atera dugu, eta gu jarri gara markagailuan aurretik. Gero, berriro apur bat sufritu dugu, eta atsedenaldira atzetik joan gara. Bueltan indartsu sartu, eta entsegua egin dugu. Gure zelain denbora luzez sufritzen egon gara. Azken hogei-hamar minutuetan ahalegindu gara euren zelaia; bi touche garrantzitsu eduki ditugu, eta txarto atera zaizkigu”. Sevillako taldeak jokalari asko, fitxaketa asko, eta jokalari handiak dituela gogoratu zuen, eta horrek ere eragin ziela.
Talde lehiakorrari aurre egiteko, berdegunean beraien jokoa ezarri nahian zelairatu ziren basurdeak. Gaizka Iturriaga-Echevarriaren eskutik markagailuan aurrea hartzea lortu zuen etxeko taldeak. Alboko sake batean hasi zen lehen entsegu horren jokaldia, partidako lehen ordu laurdena bete aurretik. Iker Olaetak transformazioa gauzatuta, 7 eta 0-eko markagailuagaz aurrea hartu zuten. Neurketaren lehen ordu erdia beteta lortu zituen talde andaluziarrak lehen puntuak, Cormac Eoin Foxek gauzatutako zigor ostiko baten bitartez. Bost bat minutu beranduago, gainera, Cienciasen lehen entsegua heldu zen. Javier Sosak egin eta Foxek transformatu zuen: 7 eta 10. Horrela heldu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatiko bigarren minutuan egin zuen talde gernikarrak bigarren entsegua–Estanislao Renthelek burutu eta Olaetak transformatu zuen–. 14 eta 10 aurretik jarri ziren basurdeak, eta alde horri eusteko, defentsan ere gogor lan egin zuten. Hainbat minututan entsegu-lerrotik gertu aritu behar izan ziren, Sevillako taldekoen erasoak mozteko asmoz. Baina, aurkariek beste bi entsegu egin zituzten–Franco Lopezek eta Gabriel Roldanek eginak–. Horiek ez zituzten transformatu, eta beraz, etxeko taldea bizirik ailegatu zen partiduko azken txanpara. Azken minutuetan alboko sakeetatik eraso egiteko aukera batzuk eduki zituzten, baina, Urrutiak esan modura, basurdeak ez ziren gai izan eraso horiek gauzatzeko.
Eduardo Maidagan Gernika RTren entrenatzaileak adierazi zuen Ciencias Enerside ligako talde onenetakoa dela: “Ligako talde lehiakorrenetakoa eta sasoian dagoenetakoa da. Aurreko hamabost hainbeste egunetan gogor lan egin dugu Urbietan garaipena eskuratzeko, eta zelaian ondo kokatuta hasi ginen, baina hainbeste kostatzen ari zaigun garaipena ezin izan dugu lortu. Taldea lehiatu da, eta horretaz harro egon behar dugu”.